Uterga eta Sagaseta aurrez aurre izanen dira Udaberriko erremonte txapelketako zazpigarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 7a, 14:00

Xanti Uterga doneztebarrak Jon Sagaseta iruritarra izanen du arerio aitzineko koadroetan.

Larunbatean 18:00etan hasiko da jaialdia Uharten. Iruritarrak, Ionekin batera, ez du finalerdietara sailkatzeko aukerarik eta doneztebarrak, Barricartekin, garaipena aski du sailkatzeko

Udaberriko erremonte txapelketako zazpigarren jardunaldia jokatuko dute ekainaren 8an, larunbatean 18:00etan hasita Uharteko Toki Alai pilotalekuan Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek, Jon Sagaseta iruritarraren eta Ionen kontra. Sagasetak eta Ionek dagoeneko ez dute sailkatzeko aukerarik, jokatutako hiru partidak galdu baitituzte. Utergak eta Barricartek, aldiz, bi partida jokatu eta bat irabazi eta bertzea galdu dute. Larunbatean Uharten irabaziko balute finalerdietarako sailkatuko lirateke, baina galduta ere, bertze aukera bat izanen dute.

Jaialdiko lehen partidan, Zeberio II.a eta Baztan, Xuban Iturregi doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira. Txapelketako bertze jaialdiak bezala, Uhartekoa ere ADANO elkartearen aldekoa izanen da. Hamar euro ordaindu beharko da, 16-22 urte artekoek bortz euro  eta 16 urtetik beheitikoek ez dute ordaindu beharko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun