Adosen Udaberri torneoaren finala ekainaren 8an jokatuko dute Azpeitian

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 6a, 18:00

Maiatzaren 11n Donamarian jokatu zen Udaberri txapelketako lehen jardunaldian ere aurrez aurre izan ziren Mitxoletak eta Kukuprakak taldeak.

Larunbatean 18:00etan hasiko den jaialdian Mitxoletak (Ruiz de Larramendi, Mendiburu eta Iturriaga leitzarra, Uxue Fernandez bertsolariarekin) eta Kukuprakak (Mujika,Ruiz de Infante eta Etxekolonea zubietarra, Sebastian Lizaso bertsolariarekin) izanen dira aurrez aurre 

Maiatzaren 11an hasiera eman zitzaion Donamarian Ados pilota elkarteak antolatutako Udaberri bertso-pilota txapelketa ederrari. Jaialdi ederrak jokatu dituzte Donamarian, Olaberrian, Itziarren, Zestoan, Mendaron eta Labriten eta ekainaren 8an, larunbatean 18:00etan hasita Azpeitiko Frontoi Txikin Mitxoletak eta Kukuprakak taldeek. Hain zuzen, Donamariako lehen jardunaldian aurrez aurre izan ziren bi taldeak.

Bete beteko lehiaren ondoren final handirako sailkapena Mitxoletek eta Kukuprakek erdietsi dute, jokoan zegoen azken txartela  Mendaron jokatutako jaialdian Kukuprakek eskuratu baitzuten. Beraz, aurrez aurre txapelen borrokan Mitxoletak (Ruiz de Larramendi, Mendiburu, Iturriaga, Uxue Fernandez) eta Kukuprakak (Mujika, Ruiz de Infante, Etxekolonea , Sebastian Lizaso) izanen dira. 

Bi taldeek erakutsi dute joko bolada onean iristen direla finalera. Ikustekoa izanen da zein estrategia erabiltzen duten. Gogoratu taldeak hiru pilotarikoak direla eta azken unera arte erabakitzeke gelditzen dela zeintzuk parte hartuko duten lau eta erdiaren barreneko zein binakako partidetan. Donamarian jokatu zuten elkarren arteko lehian bi partidak Mitxoletek irabazi arren, oso parekoa izan zen eta final handia ere irekia aurreikusten da. 

Beraz, dena prest bertsoak eta pilota uztartzen dituen torneoaren txapeldunak ezagutzeko. Hitzordua, larunbatean 18:00etatik aitzinera Azpeitiko Frontoi Txikin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun