Laxoa txapelketako lehen faseko azken jardunaldi erabakigarria jokatuko dute asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 6a, 17:00

Arraiozko plazan aurrez aurre izanen dira larubatean joan den urteko txapeldunak eta txapeldunordeak.

Sailkapenari begira ez dago deus erabakia oraindik eta emozioz betetako partidak espero dituzte ortziralean Oizen, larunbatean Arraiozen eta igandean Donezteben

Asteburu honetan jokatuko dute Laxoa Elkarteak berrogeita laugarren aldiz antolatutako Nafarroako laxoa txapelketako ligaxkako azken jardunaldia. Jardunaldi berezia izanen da, sailkapenari begira ez baitago deus erabakita oraindik. Gainera, ligaxkako postu bakoitzak bere garrantzia dauka kanporaketetako hurrengo partidetarako.

Iaz gertatu zen bezala, aurten ere final “handia” eta final “txikia” izanen ditu txapelketak. Sailkapeneko lehenengo biak final handiko finalerdira joanen dira zuzenean. Aldiz, sailkapeneko azkeneko biak final txikiko finalerdira joanen dira. Gakoa 3. eta 6. sailkatuen artean egonen da. Izan ere, postu horietan sailkatutako taldeek final laurdenak jokatu beharko dituzte beraien artean (hirugarrena seigarrenaren kontra eta laugarrena bosgarrenaren kontra). Final laurdenak partidu bakarrera izanen dira eta partidu hori etxean jokatuko dute 3. eta 4. sailkatuak. Final laurdenetako garaileek finalerdi handiko gelditzen diren bi txartelak lortuko dituzte eta galtzaileek finalerdi ttikiak jokatu beharko dituzte.

Sailkapeneko lehen bi postuen borrokan Doneztebe The Moment (14 puntu), Oiz A (12 puntu), Arraioz Sagardia (11 puntu) eta Irurita Migelene (11 puntu) daude. Kasualki, beraien artean jokatzen dute azken jardunaldia: Arraioz Sagardia-The Moment (larunbatean 17:00etan Arraiozen) eta Oiz A-Migelene (ortziralean 17:30ean Oizen). Baina ez da hor gelditzen afera. Doneztebe Apeztegiak ere (9 puntu) hirugarren edo laugarren postua lor dezake oraindik, Sagardia eta Migelenerengandik 2 puntutara bakarrik dago eta. Beraz, lehen bortz postuak oraindik erabakitzeke daude.

Eta goitiko postuetan intriga badago, beheitiko postuetan ere ez dira gibelean gelditzen. Oiz B, Doneztebe Menditxuri eta Doneztebe Titi bi puntuko diferentziarekin daude (6, 5 eta 4, hurrenez hurren). Hiruek borrokatuko dute final laurdenetarako gelditzen den txartelarengatik. Menditxurik eta Titik beraien artean jokatzen dute (igandean 16:00etan Doneztebeko Bear Zanan), beraz, batek behintzat ez du txartel hori lortuko. Oiz Bk Apeztegia izanen du arerio Doneztebeko Bear Zana pilotalekuan, igandean 18:00etan. Zaila badute ere, hiru puntuak lortuz gero, Apeztegiakoen aitzinetik paratuko lirateke. Beraz, beheko partean ere dena erabakitzeko dago oraindik.

 

Zazpigarren jardunaldia

Oiz A – Irurita Migelene, ekainaren 7an, ortziralean 17:30ean

Arraioz Sagardia – Doneztebe The Moment, ekainaren 8an, larunbatean 17:00etan

Doneztebe Titi – Doneztebe Menditxuri, ekainaren 9an, igandean 16:00etan

Doneztebe Apezetegia- Oiz B, ekainaren 9an, igandean 18:00etan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun