Nafarroako Kirol Jokoetako pilota txapelketako finaletan aritu dira eskualdeko hainbat neska

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 3a, 09:00

Nafarroako Kirol jokoetako neska kadete, infantil eta alebin mailako txapeldun eta txapeldunordeak, larunbatean Labriten.

Nafarroako Kirol Jokoetako pilota txapelketako azken faseko finalak jokatu zituzten ekainaren 1ean Iruñeko Labrit pilotalekuan eta hiru kategoriatan izan ziren eskualdeko neskak.

Alebin mailan, Arkupe elkarteko Eneritz Muñoa lesakarrak eta Ainara Hita igantziarrak 6-18 galdu zuten Ultzamako Alsua eta Beginoren kontra. Kontuan hartzekoa da Arkupeko bikotea adinez ttkiagoa zela, benjaminak oraindik, baina halere, bigarren fasean garaile eta azken fasean txapeldunorde izan dira.

Infantil mailan, Arkupeko Nahia Almandoz eta Joana Iratzoki igantziarrek 18-15 irabazi zieten Zizurko Ardoi elkarteko Gomez eta Setuainen kontra. Kasu honetan ere, adinez ttikiagoak ziren Arkupekoak, alebin mailakoak, baina halere bigarren fasean txapeldunorde eta finalean txapeldun izan dira.

Joana Iratzoki eta Nahia Almandoz igantziarrak txapeldun infantil mailan.

Kadete mailan, azkenik, Errekako Zelai Sarratea ultzamarrak eta Nahia Bertiz sunbildarrak 22-5 irabazi zieten Umore Onako Alize Sagardui goizuetarrari eta Araitz Legarreta aranoarrari.

Errekako Sarratea eta Bertiz txapeldun kadete mailan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun