Oiztarren arteko lehia izanen da Udaberriko erremonte txapelketako seigarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 30a, 13:30

Aimar Saldias oiztarrak (argazkian) lehen aldiz profesionalekin jokatuko duen Mikel Mikelarena herritarra izanen du arerio.

Giharretako arazoak dituen Utergaren ordezko izanen den Mikel Mikelarena oiztarra eta Barricart, Zeberio II.a eta Aimar Saldiasen kontra ariko dira

Udaberriko erremonte profesionaleko txapelketako seigarren jardunaldia jokatuko dute ekainaren 1ean, larunbatean 18:00etan hasiko den Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuko jaialdian. Txapelketako partidan, Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, giharretako arazoak dituen Xanti Utergaren ordez ariko den Mikel Mikelarena oiztarraren eta Barricarten kontra ariko dira. Aurrelari indartsua da Mikelarena, baina ez da inoiz aritu profesionalen artean. Berez, San Fermin torneoan debutatzekoa zen, baina Utergaren giharretako arazoek aitzineratu dute oiztarraren estreinaldia.

Jaialdiko lehen partidako erremontista guztiak eskualdekoak izanen dira: Xuban Iturregi iruritarra eta Markel Leatxe donamariatarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira.

Erremonteko bi partiden artean, omenaldia eskainiko zaio Beti Onak eskubaloi taldeari. Guerreras eskubaloi ligako titulua eskuratzeko play-offa jokatu du aurten Atarrabiako emakumeen eskubaloi taldeak. Hori kontuan hartuz, eta Beti Onak elkarteko hainbat bazkide joanen direlakoan, jaialdi honetarako sarrera bakarrik 5 eurokoa bakarrik izanen da eta bildutakoa ADANO elkartera bideratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun