Doneztebe eta Leitzaren arteko lehia izanen dute Herriarteko pilota txapelketa nagusian

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 30a, 16:00

Doneztebe eta Leitza izanen dira aurrez aurre ortzirale arratsaldean Sunbillan, Nafarroako herriarteko txapelketa nagusiko norgehiagokan.

Nafarroako herriarteko pilota txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan eta herriarteko nagusian Doneztebek eta Leitzak ortzirale arratsaldean Sunbillako pilotalekuan eta Baztanek eta Goizuetak larunbat goizean Elizondon jokatuko dituzten derbiak izanen dira norgehiagokarik erakargarrienak.

Herriarteko nagusian, beraz, maiatzaren 31n, ortziralean 18:00etan hasita jokatuko dute Sunbillan Doneztebe eta Leitzaren arteko jardunaldia.

Herriarteko ttikiari dagokionez, ekainaren 1ean, larunbatean 11:00etan hasiko da Elizondoko Baztan pilotalekuan Baztan eta Goizuetaren arteko lehia eta ordu berean, Berako Eztegara pilotalekuan Bera eta Tafallaren arteko norgehiagoka eta Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, Doneztebe eta Burlataren artekoa. Ekainaren 2an, igandean 16:30ean Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatuko dute Leitzak eta Atarrabiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun