Laxoa Elkarteak antolatutako 44. Laxoa txapelketa aitzinera doa eta egunotan jokatzen ari da seigarren jardunaldia. Asteazkenean Arraioz Sagardia eta Doneztebe Titi izan ziren aurrez aurre. Maiatzaren 31n, ortziralean 17:00etan Irurita Migelene eta Doneztebe The Moment ariko dira nor baino nor gehiago eta 18:00etan Oiz B eta Doneztebe Menditxuri. Jardunaldiko azken partida, ekainaren 2an, igandean 17:00etan jokatuko dute Doneztebe Apeztegia eta Oiz A taldeek.
Bosgarren jardunaldiko emaitzak
Joan den asteburuan jokatu zen bosgarren jardunaldia eta emaitzarik aipagarriena Oizen gertatu zen, etxeko taldeak oraindik partidarik galdu gabe zegoen Arraioz Sagardia menperatu baitzuen (9-3). Honela, jokatutako bortz partidetatik launa irabaziak dituzten hiru talde daude sailkapenaren buruan, baina puntu kopuru ezberdinarekin: lehenengoa Doneztebe The Moment da (13 puntu); bigarren Oiz A (12 puntu) eta hirugarren Arraioz Sagardia (9 puntu). Nahiz eta hiru partida irabazi, puntu kopuru berdinarekin dago Irurita Migelene, laugarren postuan. Doneztebe Apeztegia bosgarren da, bi partida irabazita (6 puntu) eta partida bakarra irabazi duten hiru talde daude sailkapena ixten: Doneztebe Menditxuri (4 puntu), Oiz B (4 puntu) eta Doneztebe Titi (3 puntu)
- Doneztebe Menditxuri, 7 – Irurita Migelene, 9
- Oiz A, 9 – Arraioz Sagardia, 3
- Doneztebe The Moment, 9 – Doneztebe Apeztegia, 0
- Doneztebe Titi, 5 – Oiz B, 9