Mattin Arbelaitz Heras

«Musikatik bizitzeko ilusioa eta esperantza ez ditut inoiz galdu»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 25a, 10:00

Mattin Arbelaitz bateria jotzen Janus Lester taldearekin Bilbon emandako kontzertua. Irudia: Gaizka Peñafiel.

Lesakan bizi den zubietarra, musika kirola eta lagunekin otorduak egitea gustuko duena. Halaxe aurkeztu du bere burua Mattin Arbelaitz Herasek. Ttikia zela hasi zen musika eskolan, «zortzi bat urte nituela», eta geroztik musikaren munduan murgilduta dago, eta gaur egun lanbide ere badu.  

Perkusioa ikasten hasi zen: «Etxean askotariko musika entzuten nuen, eta musika brasildarrak bazuen toki garrantzitsu bat horren artean, uste dut horregatik aukeratu nuela perkusioa». Lesakako eta Berako musika eskoletan aritu zen Igor Telletxea beratarra irakasle zuela. Ondotik, Josu Ervitirekin hiru urtez segitu zuen, eta berriki Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan jazz ikasketak bukatu ditu Junma Urizarrekin. Hala ere argi dio, «hainbat talde eta proiekturen parte izateak ikasketetan ezin izan den gauza aunitz ikasteko aukera eman dit». 

Gabenara erromeria taldearekin eman zuen lehen kontzertua, eta egun berezi gisa oroitzen du: «Ikaragarrizko ilusioa nuen, eta baita urduritasun puntua ere. Gau askoz irudikatzen egon nintzen nolakoa izanen zen oholtzara igo eta bertan gertatuko zena eta amets bat betetzeko aukera izan nuen». Geroztik, proiektu aunitzen parte izan da batzuetan taldeko partaide eta bertzeetan ordezko gisa: Petti eta etxeko uzta, Gozategi, MICE, Tximeleta, Ciento Volando, Mugaldekoak, Rüdiger…

«Elkarren osagarri dira jotzen dudan hiru taldeak»

Mattin ARBELAITZ HERAS

Izarorekin, Janus Lesterrekin eta Haratekin aritzen da, «esperientzia hagitz aberasgarria» izaten ari da. «Proiektuak elkarren artean erabat desberdinak dira eta zirkuitu, oholtza eta ikuspuntu hagitz bertzelakoak ezagutzeko parada ematen dit. Elkar osagarriak direla sentitzen dut, eta denekin disfrutatzen dut». 

 

Talde bakoitza

Modu diferentean ailegatu da orain jotzen ari den taldeetako bakoitzera. Izarorekin ordezkapen batzuk egin ondotik, aurten, lehenengoz bira osoa egiten ari da: «Cerodenero birarako bateria jotzailea behar zuten, eta gonbita egin zidaten beraiekin jotzeko», azaldu du. Berriki Ameriketako Estatu Batuetan izan da jotzen, eta esperientzia «eder» gisa deskribatu du: «Kontzertuak hagitz desberdinak izan dira, eta bertze modu batean gozatu ditugu». Musikaz gain, bertako inguruak disfrutatzeko aukera ere izan dute.

Izarorekin jotzeaz gain, Berako Janus Lester taldean ere ari da Arbelaitz, kasu horretan, proiektuaren hasieratik egon da murgildua. «Taldeko abeslari Jokin Pinatxorekin Azken Trenan aritua nintzen, eta duela urte pare bat jaso nuen bere deia taldearekin hasteko», azaldu du. 

Haratekin ere taldearen sorrera prozesutik egon da. «Berako aduana zaharrean Ibai Gogortzarekin maiz kointzidentzien nuen. Ni nire gauzak entseatzen egoten nintzen, eta bera bertze gela batean bereak egiten». Elkarrekin aunitzetan topo egin ondotik egin zion proposamena Gogortzak: «proiektu berri bat burutan zuela erran zidan eta ea Iñigo Telletxearekin batera hirukote bat osatuko genuen. Ezin ezetz erantzun». 

Afizioa ofizio

Hasieran afizio zena ofizio bilakatua du Arbelaitzek. Pixkanakako prozesu gisa definitu du, denborarekin baldintza hobeak zituzten taldeetan aritzeko aukera izan baitu: «Musikatik bizitzeko ilusioa eta esperantza ez ditut inoiz galdu eta oraintxe bertan, aho ttikiz, lortu dudala erran dezaket. Ez dakit noiz arte iraunen duen, baina bitartean, aprobetxatzeko aukerarik ez dut galduko». Etorkizunera begira ere, musikari bezala egiten duen lanarekin «bizitza duina» izan nahiko luke, «nahiko lanbide gorabeheratsua» delako. 

«Musikari gisa bizimodu duina izan nahiko nuke»

Mattin ARBELAITZ HERAS

Bateria jotzaile daraman denboran hainbat kontzertu berezi eman ditu, baina bereziena zein den galdetuta argi du erantzuna Petti eta Etxeko Uztarekin emandakoa dela. «Ttikitatik hamaika aldiz zuzenean ikusitako taldea da, hainbertze miresten ditudan musikariekin oholtza elkarbanatzea, nire irakasle izan zen eta erreferente den Igorren tokia hartzea… dena zen berezia. Nire gaztetako ametsa zen beraiekin jotzea». Kontzertua ailegatzeko «sekulako gogoa» izan arren, «errespetuz handiz» oroitzen du emanaldia. Hala ere, «ongi gozatutakoak» izan ziren bai lehena, eta bai taldearekin emandako bertzeak ere. 

Bidean lagun izan dituen gurasoak eskertu nahi izan ditu Arbelaitzek, «gaztetatik lagundu eta gidabaimenik ez nuen garaian nik jo ahal izateko hainbertze kilometro egiteagatik». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun