Saioa Mitxelena Inmobiliaria

Saioa Mitxelena Gortari: «Etxebizitzaren merkatua aunitz aldatu da urteekin»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 27a, 07:00

Saioa Mitxelena Gortari

Joan den abuztuan ireki zuen Saioa Mitxelena lesakarrak etxe-agentzia Irunen. Negozio berria izan arren, esperientzia haundia du sektorean; «10 urtez agentzia batean aritu nintzen lanean, eta joan den urtean joatea erabaki nuen, agentzia propioa sortzeko. Arras kontent nago hartutako erabakiarekin».

Zerbitzu ugari eskaintzen ditu Mitxelenak. Alde batetik, «edozein etxebizitza edo lokaleko balorazioa egiten dut dohainik. Ondotik, bezeroak etxea nirekin saltzen jartzea adosten badu, txukundu, garbitu eta apaintzeaz arduratzen naiz. Aspalditik ezagutzen dudan Aitor Eizagirre argazkilariarekin egiten ditut argazki guztiak, eta webgune eta sare sozial guzietan publikatzen ditugu».

Etxebizitza bat salgai dagoenean, «inguruko bizilagunei abisatzen diet, aunitzetan eroslea bloke edo auzoan bertan izaten delako. Gainera, etxearen bisitak banaka egin beharrean, ate irekien jardunaldia egiten dut, 15 minutu inguruko bisita azkarretan. Horrek ongi funtzionatzen du eta aunitz azkartzen du salmenta prozesua».

Agentzia Irunen izan arren, «Bidasoalde osoan egiten dut lan. Ama sunbildarra eta aita lesakarra ditudanez, Baztan-Bidasoa inguruan ere jende nahikok ezagutzen nau. Baina egia da herri ttikietan etxeak partikularrean saltzen direla aunitzetan, agentziarik gabe».

10 urteko ibilbidean «etxebizitzaren merkatua pila bat aldatu da. Hasi nintzenean, alokairu gehiago izaten ziren eta etxeak hiru hilabetetik behin edo saltzen ziren. Orain, aldiz, etxeak eta bezeroen arreta izanez gero, astean bat saldu daitezke». Pandemiak sortutako joera aldaketa ere argi ikusi du; «jendeak balkoiak, terraza haundiak edo jardinak dituzten etxeak nahi izaten ditu. Covid-aren ondorioz etxebizitza ikusteko modua aldatu dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun