Sunbilla eta Berrizaun artean itxia dago Bidasoko Bide Berdea

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 22a, 15:00

Sunbillako zubi urdina eta egurrezko zubiaren artean, errepide zaharra erabil daiteke.

Ordezko bide gisara Sunbillako Bidasoa auzoko zubi urdinetik Berrizaungo egurrezko zubira errepide zaharra erabil daiteke

Bidasoko Bide Berdean egiten ari diren lanengatik, Sunbilla eta Berrizaun artean itxia egonen da ekaina bukaerara bitarte, Uraren Bailarak erakundetik jakinarazi dutenez.

Obra hauek 2021eko uholdeak eragindako kalteak moldatzeko lanak dira eta Sunbillako Udala egiten ari den inbertsioa da, Espainiako Gobernuaren ez-ohiko dirulaguntzarekin (eremu katastrofiko bezala izendatua izan zen eskualdea). Dirulaguntza hauek baliatuta, 2023an Lesakako Udalak eta Igantziko Udalak ere uholdeen kalteak moldatzeko lanak egin zituzten bide berdean.

Sunbillako lanak bi fasetan eta bi lekutan eginen dituzte, ekaina bukaera arte.

 

Ordezko bidea, lehengo errepide zaharretik

Lehenengoan bidea guztiz itxita egonen da eta hau saihesteko aukera bakarra N-121-A errepidearen zati batetik pasatzea izanen zenez, arriskua ekiditeko ez dugu jendea hortik bidaliko.

Bigarren fasean aldiz, aukera egonen da bide berdetik atera eta karretera zaharretik joateko berriro bide berdea hartu arte; Sunbillako Bidasoa auzoko zubi urdinean atera eta egurrezko zubian berriro ere bide berdea hartu, edo alderantziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun