Bidasoko Bide Berdea Elizondoraino luzatuko dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 22a, 07:00

Bidasoko Bide Berdea Elizondoraino luzatzeko 15,3 kilometro eginen dituzte, 1.815.447 euroko inbertsioarekin. Argazkia: Javier Campos

Proiektuak 1.815.447,27 euroko inbertsioa eraginen du, Next Generation EU funts europarren bidez finantzatua

Legegintzaldi honetan bigarren aldiz bildu den Lurralde Antolamendurako Batzordeak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria Óscar Chivite buru dela, Endarlatsa-Doneztebe tartean Bidasoko trenbide zaharraren trazadura egokitzea, bide berde gisa erabiltzeko izeneko udalaz gaindiko eragina duen proiektu sektorialaren aldaketa onartu du, Cederna Garalur Partzuergoak sustatua. Zehazki, bide berde hori Elizondoraino zabaltzearen eta onura publikoko edo interes sozialeko deklarazioaren aldeko txostena egin dute.

Jatorrizko proiektuaren helburua zen Bidasoko trenbide zaharraren bidea oinezkoentzako eta txirrindularientzako bide bihurtzea, Donezteben, Sunbillan, Igantzin eta Lesakan turismo eta jolas jarduerak sustatuz. Orain onartu den aldaketaren xedea da proiektu hau trenbide zaharraren Nafarroako ibilbide osora zabaltzea, Bertizarana eta Baztan udalerriak barne.

Guztira, Nafarroan trenbidea berreskuratzeko proposatu den bide berriak 15,3 kilometro luze izanen du, batez ere trenbide zaharrean eta, zenbait zatitan, herriko bide eta errepideetan gauzatuko dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun