Ezkurra II.a-Azpiroz eta Ansa II-Zubiri, bitik bi garaipen Sagardoaren Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 17a, 15:30

Azpirozek eta Josetxo Ezkurrak jokatutako bi partidak irabazi dituzte Sagardoaren txapelketan. Ortzeguneko partidan doneztebarra izan zen onena.

Aldabe-Juanenea (2-0) eta Loitegi-Barrenetxea IV (2-1) garaitu zituzten ortzegunean Galarretan, hurrenez hurren

Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldia osatu da eta Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea) eta Ansa II-Zubiri (Bereziartua) lehenengo bi postuetan kokatu dira sailkapenean ortzeguneko jardunaldian Aldabe-Juanenea (Gurutzeta) eta Loitegi-Barrenetxea IV (Oialume Zar) gainditu eta gero, hurrenez hurren. Bitik bi garaipen lortu dituzte eta zazpi eta sei punturekin aurrera pauso haundia eman dute finalerdietara sailkatzerako bidean. 

Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Azpirozek 2-0 gainditu zituzten Aldabe eta Juanenea 15-9ko bi partzialekin. Ezkurra izan zen lau pilotarietatik onena. Batez ere aurrelarien arteko partidua izan zen eta tanto gehienak beraiek egin zituzten. Atzelariak ez ziren jokoan sobera sartu. Ezkurrak lehenengo jokoan bederatzi tanto egin zituen eta bigarren jokoan zazpi tantorekin akitu zuen. Akats gutxi egin zituen eta aginte makila berak eraman zuen uneoro. Aldabek aurre egin zion lau eta sei tantorekin joko bakoitzean, baina ezin izan zuen gehiago egin. Atzelarien arteko borrokan tanto gutxi egin zituzten eta Azpirozek batez ere bigarren setean egin zituen tantoak, sei, eta lehenengo setean hiru tanto lortu zituen. Juaneneak berriz ez zuen bere eguna izan. Lehenengo setean ez zuen tantorik egin eta bigarren setean bi tanto egin zituen, beste bi akatsekin. Ezkurraren agintearekin eta Juaneneak agindu gabe atzean, 15-9koak joko bakoitzean erakutsi zuen bi bikoteen artean egondako aldea. Azpirozek sakearekin lau tanto ere egin zituen eta Juaneneak bakarrik ere ez. 

Sagardoaren Txapelketako bigarren partiduan Ansak eta Aritz Zubiri goizuetarrak 2-1 irabazi zutej, 15-7, 14-15 eta 8-1eko partzialekin. Ansa izan zen beste erremontisten gainetik aritu zena. Kolpe eta defentsa gehiagorekin Loitegi gainditu zuen aurrean. Urnietako aurrelarien arteko lehia izan zen eta Loitegi konfiantzarik gabe aritu zen. Normalean egiten dituen baino akats gehiago egin zituen. Kantxan ez zitzaion eroso ikusi. Bost akats egin zituen. Ansak berriz laguntza ona izan zuen Zubirirekin atzean. Nagusi izan ziren.

Lehenengo jokoan 15-7 irabazi zuten gorriek. Barrenetxea indartsu hasi zen sakearekin. Lehenengo sei tantoetatik lau egin zituen sakez eta markagailua seina berdinduta zegoen. Ezker hormatik zabalera hasi zen sakatzen eta Ansa harritu zuen. Lau tantoetatik hiru zabalera sakatuz egin zituen hernaniarrak. Urnietarra pixkana kokatzen joan zen zabalera eta agintea hartu zuen errestotik. Partziala 9-1ekoa izan zen Ansa eta Azpirozen alde eta lehenengo partziala 15-7 irabazi zuten. 1

Bigarren jokoa antzera hasi zen, gorriak agintzen eta urdinak ezinean. Ansa zen jaun eta jabe eta 11-3 aurreratu ziren. Partiduak historia gutxi izango zuela zirudien, baina orduan etorri zen urdinen erreakzioa. Gogotsu eta borrokaren bidez Barrenetxeak zortzi tanto egin zituen, horietatik hiru sakez, eta buelta eman zioten markagailuari, bana berdinduz. Loitegik lau tanto egin zituen bigarren joko honetan. 11-3tik 12-9ra pasa ziren, 13na eta 14na berdindu zuten eta azken tantoa urdinen alde erori zen. Bigarren jokoko azken tantoak izan ziren jaialdiko hoberenak. Maila handiko erremontea ikusi zen azken tantoetan.

Hirugarren joko  erabakigarrian Ansa eta Zubiri jaun eta jabe izan ziren. Lehenengo tantoa urdinen alde erori zen, baina 8 eta 0ko partzialarekin 8-1 itxi zuten partidua gorriek. Zubiriren lehenengo akatsak ez zuen eraginik izan joko honetan. Ansak lau tanto egin zituen eta merezimendu osoz eskuratu zuten garaipena urnietarrak eta goizuetarrak. 

Sailkapena
  1. Ezkurra II.a-Azpiroz (Alorrenea) 7 puntu
  2. Ansa II.a-Zubiri (Bereziartua) 6 punu
  3. Segurola-Larrañaga (Petritegi) 5 puntu
  4. Urriza-Martirena (Aburuza) 5 puntu
  5. Loitegi-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) Puntu 1
  6. Aldabe-Juanenea (Gurutzeta) 0 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun