Erremontari Herriz Herri txapelketa hamazazpi herritara ailegatuko da

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 14a, 20:00

Bigarren edizioa azarora bitarte jokatuko da eta Nafarroan, Lekunberrin ere hartuko du aterpe

2023an hasi eta 2024an jarraipena izanen duen Erremontari Herriz Herri proiektuak aukera paregabea emanen du erremontea Euskal Herriko hainbat herritara ailegatzeko. Aurtengo edizioaren aurkezpena astelehenean egin zuten Miramonen eta parte hartuko duten erremontisten artean, bertan ziren Aimar Jabalera doneztebarra eta Oier Apezetxea eta Aritz Zubiri goizuetarrak.

ETBren laguntzarekin, Erremontari saioak erremontea euskal herritarren artean ezagunago egitea du helburu. Eta orain, erremontea bertze herri batzuetara zabaldu nahi izan dute. Asteleheneko aurkezpenean ETBko kirol zuzendaria den Joseba Urkiola leitzarrak aipatu zuenez, «proiektu honen arrakasta ikusita, aurten urrats bat gehiago egin dugu, eta 17 herritara zabalduko da erremontea». Hauek dira proiektua babestu eta bultzatu nahi izan duten herriak: Aizarnazabal, Bergara, Urnieta, Lekunberri, Andoain, Hondarribia, Ordizia, Altsasu, Pasaia, Zumarraga, Villabona, Hernani, Beasain, Arrasate, Zestoa, Errenteria eta Zumaia.

Aurten, herri bakoitzak bere egutegira egokituko du Erremontari Herriz Herri jaialdia, besta garaian edo herriko ekintza bereziren batean. «Gure helburu nagusia erremontea zabaltzea eta jendearengana hurbiltzea izanik, jaialdiak doakoak izanen dira, ezagutza prozesua errazteko asmoarekin». Jaialdi bakoitzean bi partida jokatuko dira set formatuan. Gainera, Oriamendik herri bakoitzarekin elkarlanean, diseinu bereizgarriak eta pertsonalizatuak sortuko ditu, komunikazioa hobetzeko.

Aurkezpenean erremontistekin batera, hamazazpi udaletako ordezkariak, Joseba Urkiola ETBko kirol zuzendaria, Azahara Dominguez Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde antolaketako diputatua, Iñigo Garcia Turismo Zuzendaria eta Oriamendiko Xabi Gonzalez gerentea izan ziren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun