Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa azken txanpan sartu da asteburu honetan. Gizonezkoen 320 kiloko (Berriozar), emakumeen 255 kiloko (Beti Gazte) eta txapelketa mistoko (Berriozar) txapelak banatu ondotik, pisu arinenetako gizonezkoen eta emakumeen laukoteak hasi dira lehian, bi egunetan banatuko den jardunaldiarekin. Larunbatean egin ziren tiraldietako batzuk eta bertzeak datorren larunbatean eginen dituzte Txantrean.
Bi egunotako tiraldietako emaitzekin, kategoria bakoitzeko lau lehenbizikoek jokatuko dituzte finalerdiak (lehenbizikoa laugarrenaren kontra eta bigarrena hirugarrenaren kontra) eta irabazleek finala eta galtzaileek hirugarren postua izanen dituzte jokoan. Antsoaingo lehen tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko gizonezkoen taldeak, baita Berriozarrek ere. Beraz, Txantrean elkarren kontra jokatuko dutena izanen da, seguruenik, erabakigarria lehen postua zehazteko. Amaiurrek bat irabazi, bertzea berdindu eta bertzea galdu egin zituen. Emakumezkoetan ere Berriozarrek hiru tiraldiak irabazi zituen, Txantreak bi irabazi eta bi galdu, Amaiurrek bat irabazi eta bi berdindu eta Beti Gaztek bat irabazi, bertzea berdindu eta bertzea galdu.