Lizarrako partidaren zatirik handienean gibeletik izan ziren Otxandorena eta Mitxeo. Bi lehenbiziko tantoak Doneztebeko bikoteak egin zituen (2-0), baina gero Sagasetak eta Ionek agindu zuten, baita bederatzi tantoko aldearekin ere (2-9, 6-12, 8-17, 13-18, 24-20, 19-25, 25-29, 29-32 eta 30-33), baina azken bortz tantoak bata bertzearen segidan egin zituzten Otxandorenak eta Mitxeok, txapelketako bigarren garaipena eskuratzeko. Jaialdiko lehen partidan, Xanti Uterga doneztebarrak eta Baztanek 30-19 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarrari eta Markel Leatxe donamariatarrari.
Igandean Berriobeitiko txapelketako partidan ez zen halako berdintasunik izan eta gorriak jaun eta jabe izan ziren, Xanti Utergaren partida bikainarekin (hamasei tanto egin zituen). Utergak eta Barricartek 35-15 irabazi zieten Iturregiri eta Otanori. Jaialdiko lehen partidan, Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Baztanek 23-30 galdu zuten Zeberio II.aren eta Agirrezabalaren kontra.