Nafarroako Foru Komunitateko laugarren pilota torneoko bigarren jardunaldia jokatu da asteburuan, larunbatean Altsasun eta igandean Orkoienen jokatutako partidekin. Bietan izan ziren eskualdeko pilotariak. Larunbatean, elite mailan garaile suertatu zen Goiuri Zabaleta leitzarra eta igandean, promesa mailan, galtzaile Nahia Bertiz sunbildarra.
Larunbatean, elite mailako bi partida jokatu zituzten Altsasun. Lehenbizikoan, Ibarrolak eta Gamindek 22-5 irabazi zieten Arraizari eta Bilyak-i. Bigarren partida berdinduagoa izan zen eta Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Galeanok 22-20 irabazi zieten Oskozi eta Mendibururi.
Igande goizean Orkoienen, berriz, sei partida jokatu zituzten. Elite mailakoan, Beitiak eta Mendizabalek 22-11 irabazi zieten Uriarteri eta Bergarari. Bertze partidetan eskualdeko pilotari bakarra izan zen, Nahia Bertiz sunbildarra, promesa mailan. Janire Sotilekin bikote eginez 6-18 galdu zuen Olatz Insaustiren eta Irati Betegiren kontra.