TOKIKOMeko kideon artean eztabaida eta zer pentsatu handia eman duen erabakia izan da. Alde batetik, garrantzitsua baita tokiko komunikabideok teknologia berriek ematen dizkiguten aukerak baliatzea, edota aukera berri horiekin esperimentatzea, bertzeekin konparatuz gibelera ez gelditzeko. Baina, bertzalde, TOKIKOMeko komunikabideok bi ezaugarri nagusik definitzen gaituzte: komunitatearekin dugun hurbiltasunak eta euskarak.
Teknikoki, erraza litzateke gure webguneetan botoi bat jarri eta, hari emanda, sortzen dugun eduki guztia bertze hizkuntza batera itzultzea, batez ere hizkuntza handi denean: gaztelera, frantsesa, ingelesa... Nondik begiratzen zaion, halako mugimendu batek abantaila handiak ekarriko lizkiguke: bisita gehiago eta beraz publizitate sarrera gehiago, bilatzaileetan errazago agertzea eta ezagunagoak izatea, bertze hedabide batzuen agenda informatiboan errazago eragin ahal izatea...
Baina euskarazko komunikabideak gara, eta hala izaten segitu nahi dugu. Gure zereginaren zati bat bada ikusaraztea gure eskualde, herri eta auzoetan euskaraz garatzen den bizi eta dinamika zabal eta aberatsa badagoela.
Beraz, nola uztartu izaera hori aurrerapen teknologikoek eskaintzen dizkiguten tresna berriak probatzeko gogoarekin? Lehen pausu bat egin dugu oraingoan: erran bezala, erredakzioak sortutako edukietan, lerroburua eta sarrera bertze hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera aurkituko duzue.
Gisa horretara, uste dugu kontatzen dugunaren mamiaz jabetzen lagundu ahal diegula euskaraz ez dakiten edo ikasten ari diren bizilagunei, aldi berean argi utzita jatorrizko edukia euskaraz landuta dagoela. Euskara egunerokoan berta-bertatik bizi ez duten herritarrengana hurbiltzeko modua da. Gure hizkuntza beraien bizitzan txertatzen joateko lehen urratsa.
Oraingoz, teknikoki errazenak diren hizkuntzak gehitu ditugu sistemara: gaztelera, frantsesa, ingelesa... baina bertze hizkuntza minorizatu batzuk ere gehituko ditugu laster (galegoa, katalana...) eta, teknikak ahalbidetzen duen neurrian, gure asmoa da pixkanaka-pixkanaka gure inguruan entzuten ditugun bertze hizkuntzak ere gehitzen joatea. Iruditzen zaigu, ongi erabiliz gero, adimen artifizialak eta itzulpen automatikoak hizkuntza eta kultura aniztasunari lagundu ahal diotela, eta hurrengo hilabeteetan ahaleginak eginen ditugu zentzu horretan: euskaratik eta euskaraz, baina inguruan dugun aniztasun hori babesten eta sustatzen.
Ez beldurtu edo haserretu, beraz: itzultzeko botoiak txertatu izanak ez du erran nahi gure betiko izaerari uko egin diogunik. Inguruko tresnek zer joko ematen diguten jakiteko probak egin eta zuekin partekatzeko ahaleginetan gabiltza. Iritzirik edo ideiarik baldin baduzu, pozik hartuko ditugu!