Etxebizitza eskubidea bermatzeko eskatu du Malerrekako eta Bertizaranako Ernaik

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 8a, 15:00

«Gazteek etxebizitzarekin duten arazoa salatzeko eta irtenbideak exijitzeko» agerraldia egin zuen Malerrekako eta Bertizaranako Ernaik igandean. Legasako etxe huts baten aitzinean bildu ziren.

Duela urtebete egindako inkestaren emaitzak oroitarazi nahi izan zituzten igandean Malerrekako eta Bertizaranako Ernaiko kideek: «Hamarretik bederatzik eskualdean emantzipatu nahi duen arren, laurdenak bakarrik ikusten du horretarako aukera». Malerrekan eta Bertizaranan «etxebizitza hutsen eta bigarren etxebizitzen kopurua % 27,6koa» dela ere aipatu zuten: «Mila etxebizitza huts eta bigarren etxebizitza daude».

Neurriak

Egoera horretan, «arazoa sozializatu eta alternatibetan sakontzeko beharra» azpimarratu zuten, eta hainbat neurri proposatu zituzten. Bertzeak bertze, «eskualdeko etxebizitza hutsen diagnosi gaurkotua egitea» eskatu zuten, baita «parke publikoa handitzea» ere, «eskualdeko etxebizitza hutsak herritarren esku paratzeko apustua egitea». Gisa berean, «etxebizitza berriak sortu beharrean, lehentasunak hutsik daudenei aterabidea ematea» izan behar duela gaineratu zuten eta «gazteoi zuzendutako etxebizitza kupoa handitzeaz» ere aritu ziren.

«Eredu komunitarioak bultzatzeko» beharra ere mahaigaineratu zuten Ernaiko gazteek, «etxebizitza komunitarioen bitartez jabetza kolektibizatzea». Eta azkenik, «udal eta herriko etxejabeen artean alokairu poltsa sortzea» exijitu zuten, «hutsik dauden etxebizitzak merkaturatuz; betiere kontrol muga publikoa izanen duena, eta prezioak mugatuz».

'Gazterik ez etxerik gabe'

«Gazte aunitz nahi eta ezinean murgilduta» daudela onartu zuten, eta «gaiari heldu eta aterabideak emateko beharra» aipatu zuten: «Etxebizitzaren arazoari alternatiba bilatu eta ateak irekitzeko aldarria zabaldu nahi dugu». Etxebizitza eskubidea bermatzeko eskatuz eta Gazterik ez etxerik gabe aldarria eginez akitu zuten hitzordua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun