Markus Pohjolainen finlandiarra nagusitu da Nafarroako IV. disko golf irekian

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 7a, 09:30

Asteburuan Irrisarrin jokatu den Nafarroako laugarren disko golf irekiko parte-hartzaile gehienak, sari banaketaren ondotik.

Nafarroako disko golf irekiaren laugarren edizioa jokatu dute asteburuan Igantziko Irrisarri Landeko zelaian, Baxi Basajauna elkarteak antolatuta. Etxeko taldeko jokalariez gain, Lekunberrikoak, Bilbokoak eta mundu osokoak hurbildu dira, Espainiakoak ez ezik, AEBkoak, Finlandiakoak, Austriakoak eta Frantziakoak ere. Denera 50 jokalari aritu dira Espainiako Koparako baliagarria zen hirugarren proba honetan. 

Finlandiako Markus Pohjolainen izan da onena. Hiru txandatan 161 jaurtiketa aski izan ditu (10 parearen azpitik). Gorka Beltran de Heredia izan da bigarren 165 jaurtiketekin (6 parearen azpitik eta Rafael Sarriegi hirugarren, 171 jaurtiketekin (par). Emakumezkoetan Carla Martin nagusitu da (198 jaurtiketa). Beteranoen MP50 kategorian, Baxi Basajauna taldeko Iñaki Gonzalez Olaizola nagusitu da (180 jaurtiketa), Javier Del Riego eta Antonio Negreteren aitzinetik. Mikel Ibarrola doneztebarra seigarren izan da. MP40 kategorian Raul Lopez-Cancio izan da onena eta junior kategorian, Beñat Lopez.

Beteranoen MP50 kategoriako irabazle izan zen Baxi Basajaunako Iñaki Gonzalez Olaizola, Antonio Negrete taldekidearen eta Oviedoko Javier Del Riegoren artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun