Lekarozko institutuko lau ikasle sarituak izan dira Kaixomundua webgune lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 6a, 17:00

Lehiaketa irabazi duten lau ikasleak Josune Ballarena irakaslarekin.

Joar Mariezkurrena, Oihan Sarratea eta Paula Zabala doneztebarrek eta Lara Ribeiro sunbildarrak garaipena lortu dute Batxilergoko kategorian

Puntu.eus fundazioak antolatutako Kaixomundua webguneen garapen lehiaketan parte hartu dute Lekaroz BHIko 2. batxilergoko ikasleak, Informatika eta programazioa ikasgaian, eta lau ikasle sarituak izan dira. Joar Mariezkurrena Flores, Oihan Sarratea Etxekolonea, Paula Zabala Sarasola eta Lara Ribeiro Cordeiro ikasleek sortutako errekakirolelkartea.eus webgunea izan da garaile.

Joan den ortziralean, maiatzaren 3an, EITBren Bilboko egoitzan izan zen sari banaketa eta bertan izan ziren lau ikasleak Josune Ballarena Urroz irakaslearekin.

Kaixomundua lehiaketa

Gazteen artean gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta euskarazko eduki digitalak sortzea du helburu ekimenak. Lehiaketaren bosgarren edizioa izan da aurtengoa eta inoiz baino arrakastatsuagoa izan da, 54 ikastetxek eta 1.334 ikaslek parte hartu baitute DBHko eta Batxilergoko kategorietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun