IHINTZA UDAETA ETA PATXI MARTIN

«Bizi baldintza minimo batzuk exijitzea beharrezkoa da»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 5a, 11:00

Ihintza Udaeta eta Patxi Martin Ernaiko kideak.

Ihintza UDAETA eta Patxi MARTIN, Ernaiko kideak

Gazteen egoerarekin kezkatuta, Bizi baldintza duinen alde. Gazteok alternatiba lelopean hitzordua antolatu du Baztan-Bidasoko Ernaik maiatzaren 11n Elizondon. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

Gazteak «arriskuan» daudela ikusita, «azken asteotan gizarteak eta batez ere gazteok ditugun problemak azaleratzen» aritu da buru-belarri Baztan-Bidasoko Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundea. Bide horretan ereiten segitu nahi du, eta hala, «alternatiba zein izanen den pentsatzeko eta aldarrikatzeko» hitzordua antolatu dute. Bizi baldintza duinen alde. Gazteok alternatiba lelopean maiatzaren 11n Elizondon bilduko dira eta egun osoko egitaraua prestatu dute Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako Ernaiko kideek. Egunari begira «animatzeko eta parte hartzeko» deia egin dute: «Gazteen egoerarekin kezkatua dagoen edozein ongi etorria izanen da». Maiatzaren 11ko hitzorduaren aitzakiarekin, orain arteko bideaz, momentuko egoeraz eta etorkizuneko erronkez mintzatu dira Ernaiko Ihintza Udaeta eta Patxi Martin TTIPI-TTAPArekin. 

Zer martxa du Ernaik Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan? 

Hiru taldeen dinamika nahiko igualtsua da, kanpoko jarduerek dezente baldintzatzen baitute gure jarduna. Lehenbiziko lauhilekoa nahiko mugitua izan da guretzat, eta batez ere, mobilizazioz betea: Aitor eta Galderren auzia, greba feminista orokorra, Palestina, presoen urtarrileko mobilizazioa... Bigarren lauhilekoa ere indartsu heldu da: Ernaik gazteak arriskuan gaudela salatzeko eta alternatibak irudikatzeko abiatutako kanpaina, Gazteon Eskutik gazte ekimena Lezon, Erdiz Biziriken aldarriak Elizondon, maiatzaren 1ean LABek antolatutako mobilizazioa Iruñean... Modu batera edo bertzera, horietan guzietan parte hartzen eta gure ekarpena egiten ibili gara, eta uste dugu ez dela gutti. 

Beraz, orokorrean Ernai osasuntsu dago? 

Bai. Covid garaiak, bertze eremuetan bezala, gazteon antolakuntzan eragina izan zuen. Baina urte batzuk pasatuta, nabari da loraldia heldu dela, talde berriak sortzen eta zeudenak indartzen ari baitira. Aipatzekoa da, belaunaldien errelebo aldaketa handia izan dela azken urteotan. 

Gazteak arriskuan zaudetela erranez hasten da berriki Ernaik argitaratu duen Gazteontzat proposamena. Azalduko zenukete? 

Bai, gaur egungo belaunaldia krisi egoeran hazi da eta krisi horien egoera nahiko nabarmena da: krisi ekologiko/klimatikoa, soziala, ekonomikoa... Gazteontzat proposamena alternatiba badela ikusarazteko aurkeztua da. Gaur egun egingarri diren pausoak eta exijentziak ageri dira, alternatibarako lehendabiziko pausoak horiek direla uste dugulako.

Zortzi eremu bildu dituzue proposamenean: osasun mentala, hezkuntza, bizi ereduak, etxebizitza, enplegua, zaintza, trantsizio ekosoziala, eskubide zibil eta politikoak. Zergatik aldarrikapen horiek? 

Testuinguruaren irakurketa eginda, gehien zanpatzen gaituzten ildoak horiek direla ikusten dugu eta oro har, egoera nahiko eskasa da horietan guzietan. Adibidez, gure eskualdean, etxebizitzarekin dugun egoera nahiko larria da. Gazteak ezin gara emantzipatu, alde batetik, etxebizitzak duen prezioagatik, eta bertzalde, eta batez ere, ez dagoelako alokairurako eskaintzarik. Osasun mentalean, gazteen egoera lehen baino okerragoa dela nabari da. Gainera, psikologoen zerbitzua gehienbat pribatua da eta gazte batzuentzat ezinezkoa da 40, 60 edo 80 euro ordaintzea kontsulta bakoitzeko. Arazo horiek ikusita, soluzioak aldarrikatzen ditugu epe motzera. 

«Etxebizitzaren gaiak kezka handia sortzen digu, eta osasun mentalak ere bai»

Zein dira eskualdean zuen lehentasunak eta kezka nagusiak? 

Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan ditugun lehentasunak eta kezkak nahiko igualtsuak dira. Etxebizitzaren gaiak, adibidez, kezka handia sortzen digu, osasun mentalak ere bai, nahiz eta aunitzetan ez den aipatzen duen estigmagatik. Orokorrean, Euskal Herri mailan gazteek dituzten kezka igualak ditugu eskualdean. 

Gazteen bizi baldintza duinak bermatzeko bidea zein da? 

Arazoa egiturazkoa dela garbi dago, hau da, sistema kapitalistak eramaten duela gizartea krisira. Hala ere, testuingurua ikusita, bizi baldintza minimo batzuk exijitzea beharrezkoa da. Horretarako da Gazteontzat proposamena. 

Eskualdeko gazteak nola ikusten dituzue? 

Gazteok uste baino kezkatuagoak gaude, gai batengatik zein bertzearengatik. Gehienok lan egin izan dugu baina baldintza kaskarretan, ez dugu etxebizitza bat lortzeko aukerarik...

Eta gazte mugimendua?

Arrazoiak arrazoi, gazte mugimenduak, Euskal Herrian bezala eskualdean ere, ez du momentu ona pasatu. Hala ere, azken urteotan berpizten ari dela ikusten da. Horren adibide dira Baztango gaztetxea, Marrako Bortzirietako Neska* Gazte Taldea, Lapaitza Malerrekako eta Bertizaranako gazte asanblada...

Maiatzaren 11rako hitzordu garrantzitsua antolatu duzue Ernairen Baztan-Bidasoko kideek elkarlanean. Zein helbururekin? 

Azken asteotan, gizarteak eta batez ere gazteok ditugun problemak azaleratzen saiatu gara. Hori ikusita, alternatiba zein izanen den pentsatzeko eta aldarrikatzeko eguna antolatu dugu.

Zein izanen da egitaraua? 

Eguna hasteko, eremuka gosaria eginen dugu eta ondotik, denak Elizondon elkartuko gara. Poteoa eginen dugu eta lehen aipatu ditugun gaiak lantzeko hizlari batzuk izanen dira. Bazkari herrikoia ere eginen dugu, baita tailerra ere. Tailerrean eskualdeko gazteen exijentziak zein diren zehaztuko dugu eta gure bizi egoeraz hausnartu. 18:00etan bizi baldintza duinak aldarrikatzeko mobilizazioa eginen dugu eta bukatzeko, bertso afaria izanen dugu.

Nolako erantzuna espero duzue? 

Aurreikuspenak egitea beti da zaila. Egunez zailagoa izaten da jendea mugitzea, baina jendea parte hartzera animatu nahi dugu.

«Ditugun arazoak ez dira ez kasualitateak, eta guttiago gure kulpa»

Zein mezu zabalduko zeniekete eskualdeko gazteei? 

Gazteon egoerarekin kezkatua dagoen edozein ongi etorria izanen da. Ulertu behar dugu ditugun arazoak ez direla kasualitatea, eta guttiago gure kulpa. Horri soluzioa emateko antolatzea eta parte hartzea beharrezkoa da.

Aitzinera begira zein erronka dituzue? 

Epe motzean eskualdean sortu dugun dinamika eta bizi baldintza duinen inguruko lanketekin segitu nahi dugu. Epe ertainera, berriz, alternatibatik eta independentziatik hurbilago kokatu nahi dugu. gure eskualdean horretarako dinamikak sortuz eta alternatiba diren gazte mugimenduak indartuz.

Zerbait gaineratuko zenukete? 

Bai, aunitzetan, «egoera horrelakoa da eta kito» filosofiarekin ikusten dugu gazteria  eta garai ilunetan alternatiban sinestera eta bertan parte hartzera animatu nahi genituzke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun