Arantzako eta Baztango mendi itzulietan izena emateko epeak ireki dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 1a, 08:00

Arantzako Mendi Itzulia maiatzaren 19an eginen dute eta Baztangoa maiatzaren 26an Arraiozen. Bi kasuetan Internetez izena emateko epeak zabaldu dituzte. Arantzako kasuan maiatzaren 17an bukatuko da online izena emateko epea eta Baztangoan maiatzaren 24an.

Arantzako Mendi Itzulia

Arantzako Mendi Itzuliaren XI. edizioa izanen da aurtengoa eta mendizaleek ohiko bidea egin beharko dute: 27,9 kilometroko luzera eta 1.600 metroko malda duen ibilbidea. 07:00etatik 08:00etara herriko plazatik aterako dira eta Itsaszelaita (515 m), Izu (829 m), Ibintza (1.032 m), Ekaitza (1.042 m), Illurdi (1.075 m) eta Mairubaratzatik (750 m) pasatuko dira.

Izen ematea aitzinetik Internet bidez eta egunean bertan 06:30etik 08:00etara egiten ahal izanen da. Federatuek 13 euro eta federatu gabeek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Internetez apuntatu nahi dutenek maiatzaren 17ko 10:00 arte izanen dute aukera eta lotura honetan egin dezakete.

Baztango Mendi Itzulia Arraiozen

Baztango Mendi Itzuliaren aurtengo edizioa XXIX.a izanen da eta aldi honetan Arraiozen eginen dute. Bi ibilbide izanen dira aukeran. Alde batetik, laburra 24,5 kilometroko luzera eta 1.000 metroko desnibela duena, eta bertzetik luzea, 36 kilometrokoa eta 1.650 metroko desnibela duena. 07:00etatik 07:30era aterako dira mendizaleak.

Izena aitzinetik eta egunean bertan ematen ahal izanen da. Dagoeneko online izena emateko aukera ireki dute eta federatuek 10 euro eta federatu gabeek 12 euro ordaindu beharko dituzte. Internetez izena emateko epea maiatzaren 24ko 18:00etan itxiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun