Ikasturte honetan, esku-huskako eta paletako finalak Labrit pilotalekuan jokatuko dituzte. Final biak zuzenean emanen ditu Navarra Television-ek. Eskuzko lehiaketa larunbat honetan, maiatzak 4, hasiko da eta finala ekainaren 2rako dago iragarria. Paletako txapelketak ekainaren 8an hartuko dio erreleboa eta finala ekainaren 23an jokatuko da.
«Egitasmo hau abian jartzeak bi helburu nagusi izan ditu: emakumeen artean pilota sustatzea; hurbildu daitezela eta bertako kirol bat edezatela; eta, bestetik, emakumeen artean pilotan aritzea lortzen ari den garapena eta indarra ikusaraztea eta gizarteratzea herritarren artean. Foru erkidegoko txapelketa honen sorrerarekin, eskuz eta palaz aritu nahi duten emakumeen errekonozimendua eta balioan jartzea bultzatzen ari gara, maila goreneko lehiaketa bat antolatuz», azaldu du Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko Kirol eta Kultura kontseilariak.
Esku-huska, Olatz Arrizabalagaren, Nora Mendizabalen, Paula Gorostiagaren, Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Amaia Aldai, egungo buruz buruko txapeldunaren presentzia ziurtatuta dago. Pala modalitatean ere lehen mailako pilotariak ariko dira, bertzeak bertze, Irati Igoa, Amaia Espinal, Paula Gorostiaga, Haizea Salanueva eta Juncal Quevedo.
Asteleheneko aurkezpenean Laia Salsamendi bertan izan zen, antolakuntzak Nafarroako Foru Erkidegoko Txapelketako Enbaxadore izendatu baitu. Izabako pilotari gazteak berriz ere ebakuntza bat izan du belaunean. Kirolaren etxean egon ziren, era berean, Javier Conde, Nafarroako Euskal Pilotako Federazioko presidentea, NAPIKEko Xabier Martinez Alava eta txapelketako jardunaldiak jasoko dituzten udalerrietako ordezkariak, NFKT-ri babesa eskaintzen.