ERREMONTEA

Sagardoaren Txapelketa ortzegunean hasiko da ETBko Erremontari saioan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 30a, 14:00

Sagardoaren txapelketan parte hartuko duten hamabi erremontistak, aurkezpenean. Argazkia: Maialen Andres

Sei bikotek jokatuko dute eta tartean izanen dira Aritz Juanenea saldiastarra (Aldaberekin), Aritz Zubiri goizuetarra (AnsaII.arekin) eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra (Azpirozekin)

Sagardoaren Erremonte Txapelketa 2024 aurkeztu zuten astelehenean Orona Fundazioaren Areto Nagusian. ETB1eko Erremontari saioaren barrenean eskainiko dira partida guztiak, maiatzaren 2tik, ortzegunetik hasita, eta sei bikote lehiatuko dira nor baino nor gehiago.

Bikote bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du eta gainera aurten kapitain bat izanen dute bikoteko. Hauek dira bikote eta kapitainak: Urriza-Martirena (Aburuza sagardotegia-Aritz kapitaina); Loitegi-Barrenetxea IV (Oialume Zar-Iñaki); Aldabe-Juanenea (Gurutzeta-Egoitz); Segurola-Larrañaga (Petritegi-Igor); Ansa II-Zubiri (Bereziartua-Axier); eta Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea-Patri).

 

Maiatzaren 2an lehen bi partidak

Lehenengo fasea maiatzaren 2an, ortzegunean hasiko da eta txapelketako bi partida jokatuko dituzte Galarretan, 18:30etik aitzinera: Urriza eta Martirena, Ezkurra II.a eta Azpirozen kontra eta Segurola eta Larrañaga, Aldabe eta Juanenearen kontra.

Zazpi jardunalditan denek denen aurka jokatuko dute. Ortzegunero ekainaren 13ra arte izanen dira partidak Galarretan (maiatzak 2, 9, 16, 23, 30, ekainak 6, ekainak 13). Ortzegunean 18:0ean hasita

Set edo joko formatuan jokatuko dira partidak eta 2-0 irabazten duenak 4 puntu batuko ditu, 2-1 irabaziz gero 3 puntu gehituko dira, 1-2 galduz gero puntua lortuko da, 0-2 galduta ez da punturik batuko, eta lehen bi seten artean 15 tantora iristen ez den bikoteak puntu negatiboa izanen du.

Lehenengo lau postuetan geratzen direnak sailkatuko dira finalerdietara. Bi bikoteen artean berdinketa balego euren arteko partidak erabakiko du sailkapeneko postua eta hiru bikoteren arteko berdinketa apurtuko du euren arteko partiduen arteko tanteoak. 

 

Finalerdiak ekainaren 20an eta finala ekainaren 24an

Finalerdiak partida bakarrera jokatuko dira ekainaren 20an eta lehenengo sailkatuak, laugarrenaren aurka jokatuko du finalaurreko bat, eta bestea bigarren eta hirugarren sailkatuek jokatuko dute.

Finala, finalaurrekoak irabazten dituzten bikoteek jokatuko dute ekainaren 24an. 

Partida denak Galarretan jokatuko dira eta aurtengo bertze berrikuntza Warning edo Abisuak izango dira ateratzeko orduan. Denbora egongo da sakatzeko eta errestoan jartzeko. Denbora gaindituz gero abisuak aterako dira eta tanto bat ere galdu daiteke abisu gorria ikusiz ger,o hirugarren abisuan. Lehenengo abisua komunikazioa izanen da eta txartel urdina aterako da. Bigarren abisua horia izango da eta sakea aurkariarentzat pasako da. 30 segundo izango ditu sakatzaileak pilota jokoan jartzeko. 

2023ko edizioan Segurola eta Juanenea saldiastarra izan ziren txapeldun, finalean Urrizari eta Martirenari irabazita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun