Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa jardunaldi bakarrean jokatu zen larunbatean Elizondoko Baztan pilotalekuan. Berriozarko bi taldeak ailegatu ziren finalera eta Berriozar Ak jantzi zuen txapela, Berriozar B menpean hartuta. Beti Gazteko laukotea hirugarren postuan igo zen podiumera.
Beti Gazteko laukotean Amaia Leiza, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Txantreak utzitako Ainhoa Zabaltza aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.
Amaiur A laugarren izan zen, Araxes bosgarren, Amaiur B seigarren eta Antsoain zazpigarren.
20 urtez beheitikoen kategoriako hirugarren jardunaldian Antsoain A nagusitu zen, Amaiur, Berriozar A, Antsoain B, Berriozar B eta Antsoain Cren aitzinetik.
Maiatzeko lehen asteburuan atseden izanen dute tiralariek eta maiatzaren 11n eta 18an jokoan izanen dituzte Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken txapelak.
Maiatzaren 11n Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 240 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen lehen jardunaldia (eskualdeko ordezkaririk gabe) jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur eta Beti Gaztek talde bana aurkeztuko dute eta Antsoainek, Berriozarrek eta Txantreak bina. Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain A eta B, Araxes, Berriozar eta Txantrea A eta B ariko dira.
Maiatzaren 18an Txantrean, azkenik, pisu arinetako eta kadeteen bigarren jardunaldi erabakigarria eta finalak izanen dituzte.