Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatuz hasi zuten Nafarroako Eskolarteko Txapelketa Amaia Fernandez Tabernero (Iruñea), Antton Ziriza Saragueta (Iruñea), Iraun Zestau-Telletxea (Bera), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea) bertsolariek.
Lan horiek egin ondotik, lau bertsolari pasatu ziren bigarren fasera: Antton Ziriza, Iraun Zestau-Telletxea, Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Bigarren fase honetan, zortziko ttikian ofizioka aritu ziren bertsolariak eta lau bertsolarietatik bi sailkatu ziren buruz burukora: Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun behar izan zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Kattin Madariagak bildu zituen puntu gehien, eta hala, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Arantzako bertsolariak Julio Soto Nafarroako Txapeldunaren eskutik hartu zuen txapela eta Oinak buruan saria, berriz, Antton Zirizarentzat izan zen. Xabier Terreros bertsolariak eman zion garaikurra.
Gainerakoan, Ander Aranburuk aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Nerea Bruño aritu ziren epaile lanetan.