Osin Trail taldeko Hodei Lujanbio goizuetarrak irabazi zuen igandean Valtierran jokatutako Bardeetako Begiratokiko bigarren trail lasterketa. 20 kilometro eta erdiko lasterketa bukatzeko ordubete, 26 minutu eta 33 segundo behar izan zituen. Lasterketa Nafarroako Atletismo Federazioak antolatutako VII. Navartrail Koparako baliagarria zenez, helburu hori hurbilago du Lujanbiok.
Lujanbiok zazpi minutu baino gehiagoko aldea atera zion bigarren izan zen Atarrabi Traileko Jon Zabalegiri (1.33.41) eta Alvaro Loidi hirugarren izan zen (1.40.13).
Emakumezkoetan, Uzturreko Maialen San Sebastian izan zen bizkorrena (1.57.33), Argider Txurruka taldekidearen (2.08.06) eta Peralta Atletico taldeko Montse Lopez Valloren (2.13.22) aitzinetik.
Bederatzi kilometroko lasterketan Irantzu Goienetxe lesakarra bigarren
Maratoi erdiaz gain, bederatzi kilometroko ibilbide laburragoa ere bazuten aukeran Valtierran eta Beti Gazteko Irantzu Goienetxe lesakarra bigarren izan zen (58.16), Ruth Perez irabazlearen gibeletik (51.10). Gizonezkoetan, CAD Tafallako Aritz Urdin gailendu zen.