Saldias eta Sagaseta aurrez aurre izanen dira Udaberriko erremonte txapelketako lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 26a, 15:00

Aimar Saldias oiztarrak (argazkian) Zeberio II.a izanen du lagun txapelketa honetan. Lehen partida Jon Sagaseta iruritarraren eta Ionen kontra jokatuko dute larunbatean Zubirin.

Larunbatean 19:00etan Zubirin hasiko den jaialdiko txapelketako partidan, oiztarrak Zeberio II.a izanen du lagun aitzineko koadroetan eta Iruritakoak Ion gibelean

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko erremonte txapelketako lehenbiziko jardunaldia jokatuko dute apirilaren 27an Zubirin. Larunbatean 19:00etan Esteribarko kiroldegiko pilotalekuan hasiko den jaialdiko txapelketako partidan Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta Ionen kontra jokatuko dute.

Jaialdiko lehen partidan, Matxin III.a eta Agirrezabala, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Aimar Leatxe donamariarraren kontra ariko dira.

ADANO elkartearen aldeko txapelketa izanen da eta Mariezkurrena eraikuntza enpresa da babesle nagusia. Sarrera hamar euro ordaindu beharko da (bortze euro 16 eta 22 urte artekoek eta ttikiagoek doan). E•remonte enpresako erremontisten kamisetak zozketatuko dituzte txapelketako jaialdi guztietan.

Bortz bikote lehiatuko dira txapelketa honetan eta finala ekainaren 28an jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun