Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa Elizondon jokatuko da apirilaren 27an

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 26a, 12:30

Amaiurrek bi laukote izanen ditu larunbatean Elizondon jokatuko den Nafarroako txapelketa mistoan.

Bederatzi talde ariko dira lehian larunbatean 17:00etan hasita Baztan pilotalekuan

Nafarroako launakako sokatira txapelketako lehen bi txapelak banatu ziren joan den larunbatean Barasoainen, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu astunetakoak (Beti Gaztek eta Berriozarrek jantzi zituzten, hurrenen hurren). Larunbat honetan, apirilak 27, berriz, txapelketa mistoa jokatuko da Elizondon.

Jardunaldi bakarrean erabakiko da txapelketa mistoa (280 kilo) Elizondoko Baztan pilotalekuan, larunbatean 17:00etan hasita. Amaiurrek bi laukote eta Beti Gaztek bat paratuko dituzte goma gainean. Araxesek eta Berriozarrek bi laukote eta Antsoainek eta Txantreak bana aurkeztuko dituzte, beraz, bederatzi talde ariko dira lehian. 20 urtez beheitikoek ere hirugarren eta hondar jardunaldia izanen dute (Amaiur ari da, Antsoaingo hiru talderekin eta Berriozarko birekin batera) eta kadeteek lehen jardunaldia (eskualdeko talderik gabe).

Bukatzeko, gizonezkoak eta emakumezkoak pisu arinetan

Maiatzaren 11n Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 240 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen lehen jardunaldia (eskualdeko ordezkaririk gabe) jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur eta Beti Gaztek talde bana aurkeztuko dute eta Antsoainek, Berriozarrek eta Txantreak bina. Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain A eta B, Araxes, Berriozar eta Txantrea A eta B ariko dira.

Maiatzaren 18an Txantrean, azkenik, pisu arinetako eta kadeteen bigarren jardunaldi erabakigarria eta finalak izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun