Ibardingo lepoan bukatuko da Bidasoko Itzuliko lehenengo etapa

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 24a, 11:00

Ortziralean, larunbatean eta igandean jokatuko dute Bidasoko Itzuliaren 50. aldia. Eskualdeko lurretan ibiliko da itzulia hiru egunetan, eta tartean, ortziralean, Ibardingo lepoan bukatuko da lehen etapa.

Ortziralean, hilaren 26an hasiko da Bidasoko Itzulia. Irunen hasiko da etapa, eta Ibardingo lepoan bukatu eta 130,2 kilometro luze izanen da. Tartean, ia kilometro denak eskualdeko lurretan izanen dira.

Irundik hasi eta Berara joanen dira txirrindulariak eta Bera gurutzatuta, N-121-A errepidean barna Malerrekarako bidea hartuko dute. Donezteben NA-1210 errepide hartuta, Bertizarana gurutzatu eta Baztanera joanen dira. Baztanen Amaiurreraino joanen dira, eta berriz ere bide beretik Bortzirietara itzuliko dira.

Bortzirietan, Lesakako herrigunean sartuta, Igantzira joanen dira Piedadeko gainean barna. Lesakatik Igantzirako bidea bi aldiz eginen dute, eta etapa bukatzeko Bera gurutzatu eta Ibardingo Lepoan, Elizaldeko bentan bukatuko da etapa.

Ordutegiei dagokionez, 14:24ean aterako da etapa, eta Elizondora 15:35 aldera iristea aurreikusten dute. Lesakako herrigunera 16:4 eta 16:54 artean ailegatuko da, eta Ibardinen 17:36 eta 17:45 artean bukatuko da.

Bigarren etapa Hendaiatik Hondarribira

Hendaian hasiko da etapa, eta berriz ere kilometro gehienak eskualdean izanen dira. Denera 133 kilometro luze izanen da etapa. Hendaian hasi eta Irunen barna Berara joanen dira txirrindulariak, eta bezperan bezala, Malerreka eta Bertizarana gurutzatuko ditu.

Baztanen Oronoz-Mugairitik Almandozerako bidea hartuko dute, eta Berroeta, Aniz, eta Zigan barna ibili ondotik, Iruritan Elizondoko bidea hartuko dute. Elizondon buelta eman, eta Bertizaranan eta Bortzirietan ibili ondotik, Irun aldera joanen dira txirrindulariak.

Irundik Lezora joanen dira Gaintxurizketan barna, eta Lezotik Jaizkibelera igo ondotik, Hondarribiko Arma plazan bukatuko da etapa.

Ordutegiei dagokionez, 14:45ean abiatuko da etapa Hendaian. Elizondora 16:14 eta 16:18 artean ailegatuko da, eta Beratik 17:02 eta 17:08 artean pasako da.  18:05 eta 08:14 artean bukatuko da.

Irunen hasi eta bukatuko da azken etapa

Irunen hasi eta bukatuko da azken etapa, eta denetan motzena izanen da, 99 kilometro luze izanen da. Irungo Kolon pasealekuan hasi, eta Hondarribian sartu ondotik, Arkaleko mendatean barna Oiartzunera joanen dira. Oiartzunen Aritxulegiko mendatea igo eta Lesakarako bidea hartuko dute Agiñako mendatean barna.

Lesakako herrigunea gurutzatuko dute, eta Beran sartuta Irunerako bidea hartuko dute Bidasoa auzoan barna. Erlaitzeko mendatea igo eta Oiartzunen sartu aterea eginda, Irunen bukatuko da.

Azken etapako ordutegie dagokionez, 10:00etan aterako da, 11:24 eta 11:30ak artean pasako da Lesakatik. Etapa 12:34 eta 12:46 artean bukatzea aurreikusi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun