Uraren Bailarak turismo marka osatzen duten 18 toki erakundeek Baztan-Bidasoko turismo mapa berria aurkeztu zuten Donezteben apirilaren 20an. Argitalpen berri honek arreta berezia eman dio jasangarritasunari. Horrela, alde batetik, eskualdea egituratzen duten eta turismo interes handia duten bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbide eta bidezidor nagusiak txertatu dituzte, bertzeak bertze: Bidasoko Bide Berdea, Uraren Bidea, Ederbidea, Eurovelo 1 Europako ibilbidea, Baztango Donejakue bidea eta GR ibilbideak.
Bertzalde, Nafarroa Ezagutu Sarekoak diren eskualdeko guneak sartu dira: Bidasoko Bide Berdea, Leurtzako urtegiak, Zubietako errota-ekomuseoa, Iruritako dorrea, Bizibide BBT ibilbideak Lesakan, Bertizko Jaurerriko Natura Parkea eta Zugarramurdiko kobazuloak.
Mapak, orain arte bezala, Baztan-Bidasoaldeko herri eta bailara guztien seinaleztapena mantentzen du, herri horiek dituzten turismo xarma nagusiekin batera.
Mapa berria egiteko 5.675 euroko inbertsioa egin da, honela finantzatuta: %80 Nafarroa Ezagutu Sareak, eta % 20 Uraren Bailarak turismo-markaren funts propioek.