Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko erremonte txapelketaren aurkezpena egin zuten larunbatean Elgorriagako bainuetxean. ADANO elkartearen aldeko txapelketa izanen da eta Mariezkurrena eraikuntza enpresa da babesle nagusia. Bortz bikote lehiatuko dira eta bortzetan izanen dira eskualdeko erremontistak. Finala ekainaren 28an jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.
Final laurdenetako ligaxkan, denek denen kontra jokatuko duten bortz bikoteak hauek izanen dira: Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Eloi Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrak, Xuban Iturregi iruritarra eta Otano; eta Jon Sagaseta iruritarra eta Ion. Ligaxkako lehen partida apirilaren 27an jokatuko dute Zubirin Zeberio II.ak eta Saldiasek, Sagasetaren eta Ionen kontra. Ondotik, Oibarren (maiatzaren 5ean), Iruritan (maiatzaren 9an), Lizarran (maiatzaren 11n), Berrioplanon (maiatzaren 12an), Tafallan (maiatzaren 26an), Atarrabian (ekainaren 1ean), Uharten (ekainaren 8an), Agoitzen (ekainaren 14an) eta Peraltan (ekainaren 21ean) jokatuko dituzte partidak. Ligaxkako lehen bikotea Donezteben ekainaren 28an jokatuko den finalerako zuzenean sailkatuko da. Aitzinetik, ligaxkan bigarren eta hirugarren izan diren bikoteek, berriz, finalerdia jokatuko dute ekainaren 24an Burlatan. Finalerdiko irabazleek finala jokatuko dute ligaxkako lehenbizikoaren kontra.