Nafarroako launakako sokatira txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute apirilaren 20an, larunbatean 17:00etan hasita Barasoainen. Gizonezkoen 320 kiloko eta emakumeen 255 kiloko txapelak bertan banatuko dituzte. 20 urtez beheitiko kategorian ere bigarren jardunaldia ere izanen dute, baina hauen txapelak hilaren 27an banatuko dituzte Elizondon, txapelketa mistokoarekin batera.
Donezteben jokatutako lehen jardunaldian, Beti Gazteko emakumeak nagusitu ziren, Txantrea, Amaiur, Berriozar, Araxes A, Araxes B eta Antsoain gibelean utzita. Gizonezkoetan, Beti Gaztek eta Berriozarrek berdindu egin zuten lehen postuan, Txantrea eta Amaiurren aitzinetik.
Txapelketa mistoa apirilaren 27an Elizondon
Lehen txapelak larunbatean emanen dituzte, baina Nafarroako 4x4 sokatira txapelketak segida izanen du ondoko asteetan. Apirilaren 27an Elizondon txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean erabakiko da. Amaiurrek bi laukote eta Beti Gaztek bat paratuko dituzte goma gainean. Araxesek eta Berriozarrek bi laukote eta Antsoainek eta Txantreak bana aurkeztuko dituzte, beraz, bederatzi talde ariko dira lehian. 20 urtez beheitikoek hirugarren eta hondar jardunaldia izanen dute.
Maiatzaren 11n Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 240 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen lehen jardunaldia (eskualdeko ordezkaririk gabe) jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur eta Beti Gaztek talde bana aurkeztuko dute eta Antsoainek, Berriozarrek eta Txantreak bina. Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain A eta B, Araxes, Berriozar eta Txantrea A eta B ariko dira.
Maiatzaren 18an Txantrean, azkenik, pisu arinetako eta kadeteen bigarren jardunaldi erabakigarria eta finalak izanen dituzte.