Nekazari Borrokaren Nazioarteko Egunean mobilizaziora deitu dute Nafarroako hainbat elkartek

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 17a, 13:30

Apirilaren 27an Iruñean eginen den mobilizaziorako deia egin dute Nekazari Borrokaren Nazioarteko Egunean.

Datorren larunbatean, apirilaren 27an, elikadura subiranotasunaren alde eta nekazaritza eredu industrialaren kontra Iruñean eginen den mobilizazio sozialerako deia egin dute dozena bat elkartek, ehundik gora gizarte erakunderen babesarekin

Apirilaren 27an, larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Baluarte plazan eginen den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute Nafarroako ekoizle txikien hamabi elkartek, bertzeak bertze: Baztango Zaporeak, Belardi, Habelarte, Plazara! Etxalde, EHKOlektiboa, Bizilur Nafarroa, Hazialdeko eta Ekoalde elkarteak; horiez gain, sektore sozialeko ehun erakunde baino gehiagoren babesa lortu dute, hala nola kontsumo arduratsuko taldeena, sindikatuena, lurraldearen defentsarako erakundeena, feministena, ekonomia sozialena, eta abar.

Apirilaren 17an, Nekazari Borrokaren Nazioarteko Egunean egindako agerraldian, salatu nahi izan dute muturreko egoera bizitzen ari direla: «Azken 20 urteotan Nafarroan nekazaritza sektorea erdira murriztu da, alegia, 14.000 ekoizpen baino gutxiago eta 2.300 nekazari baino gutxiago ditugu gaur egun. Desagertze horrek, funtsean, gure ekoizpen-ereduari eragin dio, hau da, ekoizpen txikienei, dibertsifikatuagoei eta lurraldeari lotuagoei. Esate baterako, agerian dago abeltzaintza estentsiboa eta artzaintza desagertzen ari direla eta, bien bitartean, makro-ustiategien eredua etengabe hazten ari dela, batez ere esnetarako behietan, txerrietan eta hegaztietan, beti ukuiluan dauden animaliekin», adierazi du Gotzone Sestorain leitzarrak.

Eredu intentsibo horrek ondorio larriak eragiten ditu landa-eremuan, ingurunean, baliabide naturaletan (mindaz kutsatutako ura edo lurzorua, adibidez), kliman eta abarretan; baita abeltzainengan eurengan ere, bizirik irauteko hazkunde eta zorpetze etengabea izatera behartuak baitaude, horrela, txikiak desagertuz eta enpresa gero eta handiagoetan kontzentratuz, non nekazaritzako langileen esplotazioa ere handitzen ari den, horietako asko migratzaileak.

AN, COSTA edo UVESA bezalako nekazaritza-industriak eredu integratu hau bultzatzen du, non abeltzainek autonomia galtzen duten. «Eta, gainera, ekoizpen horietako asko esportaziorako dira, txerriaren kasuan esaterako. Caparrosoko “Valle de Odieta” izeneko behitegia eredu horren izebergaren tontorra da, eta nekazaritza-politiken (Nafarroako Gobernuaren, Estatuaren edo Europar Batasunaren) funts publikoek lagunduta hedatzen ari da», adierazi dute.

Gauza bera gertatzen da nekazaritzan ere; «ekoizpen txikiak desagertzen ari dira eta lurra esku gutxitan pilatzen, ustiategi bakoitzeko azalera gehien duen Estatuko laugarren erkidegoa izateraino. Gainera, zabaltzen ari den ereduak ez du landa-enplegurik sortzen, ez du ingurunea zaintzen, ezta gure osasuna ere; alderantziz. Nafarroan erabiltzen diren pestiziden erabilera, batez ere, herbizidena hazten ari da eta gure herrialdean, tratatutako azalera bost aldiz biderkatu da azken urteotan».

 

Elikadura Subiranotasunaren Aldeko Manifestua

«Ekoizpen-eredu horrek ez gaitu elikatzen eta ez gaitu elikatuko etorkizunean». Halaxe jakinarazi dute agerraldian. Horregatik, Nafarroako 150 entitatek Elikadura Subiranotasunaren Aldeko Manifestua sinatu dute, Nafarroan nekazaritzaren intentsifikazio prozesua gelditzeko proposamenekin. Bertan, eskala txiki-ertaineko, bidezko, dibertsifikatutako eta nekazaritza ekologikoko eredu bateranzko trantsizioa sustatzen da, batez ere tokiko merkaturatzera eta tokiko kontsumora bideratua, prezio justuak izanen dituena (bai ekoizleentzat baita kontsumitzaileentzat ere), kutsadura murriztuko duena, ekoizle txikiei lagunduko diena, burokrazia murriztu eta familiako nekazaritza-sektorearen eta landa-eremua desagertzea geldiaraziko duena. Proposamenen artean, honako hauek dituzte:

  • Nekazaritza-lurrak babestea, batez ere energia berriztagarrien megaproiektuen, meatzaritzaren eta abarren aurrean.
  • Abeltzaintza industrialek ustiategi berririk ez baimentzea, daudenak ez handitzea eta egungoak 2030erako %50 murriztea. Pestiziden, ongarri kimikoen eta antibiotikoen erabilera %50 murriztea eta tokiko kontsumorako lurraren %25 ekoizpen ekologiko bihurtzea.
  • Aztarna hidriko txikia duten manejuak bultzatzea,  horrela, ureztatzearen hedapen irrazionala geldiaraziz.
  • Merkaturatzeko bide-laburrak eta erosketa publikoa sustatzea, tokiko produktuarekin eta produktu ekologikoarekin.
  • Higiene eta osasun-araudia eskala txikiko ekoizpenetara egokitzea eta eraldaketa kolektiboko azpiegiturak sustatzea.
  • Industria-ustiategiak nekazaritza ekologikoko eredu baterako trantsizioa suspertzea, prestatzea eta laguntzea; eredu horri lehentasuna emateko laguntzak birbanatzeko aurrekontu nahikoaz hornitzea.
  • Gobernantza Parte-hartzailerako Nekazaritzako Elikagaien Kontseilua sortzea inplikatutako eragile guztiekin, prozesu hori bultzatuko duen estrategia bat abian jartzeko.

 

Nekazaritzako mobilizazioak

Bertzalde, errentagarritasun falta dela medio, nekazaritzaren sektorean azken boladan egin diren mobilizazioen aurrean, salatzen ari dira «egoera hori politika neoliberalen, merkataritza askearen eta globalizazio ekonomikoaren ondorio dela, azken hamarkadetan mundu osoan aplikatu baita». Horiek dira, halaber, «tokiko biztanleentzat elikagaiak ekoizteari utzi  eta agro negozioak kontrolatutako merkatu global espekulatibora bideratutako salgaiak ekoiztearen erantzuleak»; ondorioak dira nekazaria mundu osoan etengabe desagertzea eta bizitza (eta lurrari lotutako nekazaritza) ahalbidetzen duten baliabide naturalak suntsitzea, bai hemen, baira planetako beste leku batzuetan.

Nekazari Borrokaren Nazioarteko Egun honetan, Nafarroako gizarteari erran nahi izan diote «beharrezkoa dela nekazaritza-politikak eta kontsumo-ohiturak aldatzea, bizitza erdigunean jarriko duen nekazaritzako elikagaien sistemaren alde eginez». Neurri horiekin batera, «merkataritza-politika koherenteak ezarri behar dira, merkataritza libreko akordio guztiak geldiaraziz (Mercosur, Zeelanda Berriarekin, eta abar) eta merkatuak arautuz, modu horretan, ekoizleek bidezko prezioak kobratu ahal izan ditzaten eta ekoizpen-kostuen azpitik saltzea debekatu dadin».

Azkenik, kontsumitzaileei eskatu diete «beraien erosketarekin eredu hori babes dezatela tokiko produktuak, agroekologikoak, ekoizpen txikikoak, merkataritza txikian eta kanal laburren bidez erositakoak aukeratuz; izan ere, itotzen gaituen katearen beste katebegia elikadura banatzaile handiak baitira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun