Hernandorena gazteen bertso sariketan kantatuko dute Haira Aizpuruak eta Josu Txoperenak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 17a, 11:00

Haira Aizpurua saratarra kantari. Josu Txoperena lesakarrarekin batera eskualdeko ordezkariak izanen dira Hernandorena saioan.

Bertsularien Lagunak elkarteak gazteentzako Hernandorena bertso sariketa antolatu du 16 eta 22 urteko bertsolari gazteentzat. Euskal Herri guziko 12 bertsolarik kantatuko dute, tartean eskualdekoak dira bi: Josu Txoperena lesakarra eta Haira Aizpurua saratarra.

Sariketa lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagoka izatea nahi dute antolatzaileek. Hiru saio izanen ditu sariketak: lehen kanporaketa apirilaren 20an Irisarriko Gure Doia ostatuan, bigarrena apirilaren 27an Hendaiako Baleak elkartean, eta ondotik, finala, maiatzaren 11an Senpereko Larraldean. Saio denak 19:00etan izanen dira jatekoa eta edatekoa izanen da denetan.

Txoperena eta Aizpurua Irisarriko saioan ariko dira kantuan, Aintzane Lannes, Maddi Agirre, Danel Herrarte eta Beñat Astizekin batera.

Teodoro Hernandorena bertsolariaren omenez antolatzen du sariketa Bertsolarien Lagunak elkarteak. Sortzez zizurkildarra, Donibane Lohitzunera joan zen 1936ko gerlaren ondotik. Hegoaldean egin zuen gisan, Iparraldean ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean eta saiakera handia egin zuen bertsolaritzaren sustapenean. Bera izan zen besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire Xalbador bertsolariak Euskal Herriko plazetara atera zituena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun