Nafarroako lauko sokatira txapelketan ere agintzen hasi da Beti Gazte

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 15a, 13:00

Beti Gazteko 255 kiloko emakumeen laukoteak tiraldi guztiak irabazi zituen Donezteben.

Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan igande goizean jokatutako lehen jardunaldian garaile izan ziren Lesakako emakumeak eta Berriozarrekin berdindu egin zuten gizonezkoek

Munduko sokatira txapelketako foku distiratsuak itzalita, Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa abiatu da igande honetan Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Azken urteetan bezala, Amaiur eta Lesakako Beti Gazte dira hemen ere eskualdeko ordezkariak. Gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 255 kiloko laukoteen lehen jardunaldia jokatu zuten Donezteben, baita hogei urtez beheitikoena ere (280 kilo). Emakumezkoetan Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak eta gizonezkoetan berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Berriozarrek.

Emakumezkoetan, Beti Gazteren gibeletik, Txantrea, Amaiur, Berriozar, Araxes A, Araxes B eta Antsoain sailkatu ziren. Gizonezkoetan, berriz, Beti Gaztek eta Berriozarrek beraien arteko tiraldi bana eta gainerako guztiak irabazi zituzten. Gibeletik izan zituzten Txantrea eta Amaiur.

20 urtez beheitiko kategorian, Antsoain A eta Berriozar A taldeek berdindu egin zuten lehen postuan. Amaiur hirugarren izan zen, Antsoain B laugarren, Berriozar B bosgarren eta Antsoain C seigarren.

Apirilaren 20an kategoria hauetako bigarren jardunaldia eta finalak izanen dituzte Barasoainen.

Apirilaren 27an Elizondon txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean erabakiko da. Amaiurrek bi laukote eta Beti Gaztek bat paratuko dituzte goma gainean. Araxesek eta Berriozarrek bi laukote eta Antsoainek eta Txantreak bana aurkeztuko dituzte, beraz, bederatzi talde ariko dira lehian. 20 urtez beheitikoek hirugarren eta hondar jardunaldia izanen dute.

Maiatzaren 11n Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 240 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen lehen jardunaldia (eskualdeko ordezkaririk gabe) jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur eta Beti Gaztek talde bana aurkeztuko dute eta Antsoainek, Berriozarrek eta Txantreak bina. Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain A eta B, Araxes, Berriozar eta Txantrea A eta B ariko dira.

Maiatzaren 18an Txantrean, azkenik, pisu arinetako eta kadeteen bigarren jardunaldi erabakigarria eta finalak izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun