Arantzako, Baztango, Lesakako eta Aresoko mendi itzuliek badute data

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 14a, 10:00

Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko iraupen luzeko mendi ibilaldien artean, lau eskualdean izanen dira: maiatzaren 19an Arantzan, maiatzaren 26an Baztanen, ekainaren 9an Lesakan eta irailaren 1ean Areson.

Arantzako Ekaitza Elkartea hasia da mendi itzulia prestatzen. Maiatzaren 19an izanen dute eta ohiko ibilbidea izanen du, 1.600 metroko malda eta 27,9 kilometroko luzerarekin. Plazatik abiatu eta mendizaleek Itsaszelaieta (515 m), Izu (829 m), Ibintza (1.032 m), Ekaitza (1.042 m), Illurdi (1.075 m) eta Mairubaratzatik (750 m) pasatu beharko dute berriz herrira ailegatu aitzinetik.

Ondotik, Baztango Mendigoizaleek hartuko dute lekukoa eta maiatzaren 26an Arraiozen eginen dute.

Ekainaren 9an Beti Gazte Elkarteak antolatuta, Lesakako Mendi Izulia eginen dute eta irailaren 1ean Aresoko Mendi Martxa eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun