Aurrekontua eskatzea eta lanak amaitzeko epeak finkatzea aholkatu du
Irachek
Arras garrantzitsua da aurrekontu zehatza idatziz eskatzea, lanak amaitzeko epeak zehaztea eta obra horietarako laguntza posibleei buruz informatzea.
Nafarren % 32ri gustatuko litzaieke etxean obraren bat egitea, Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak eskatutako inkesta batek agerian uzten duen bezala.
Eta etxean obra egin nahi dutenen artean, aipatzeko modukoa da energia aurrezteko etxea erreformatu nahi dutenen kopurua. Helburu hori hamahiru puntu hazi da aitzineko urtearekin konparatuta.
Irache Kontsumitzaileen Elkarteak bere oharrean zehaztu duenez. «ez da harritzekoa jendea Irachera etortzea obrarekin arazoren bat duenean. Ohiko erreklamazioen artean daude bukatzeko epearen atzerapenak, obraren prezioa edo erreformaren kalitatea».
Erran bezala, jendea maiz ordaindu beharreko prezioari buruz kexatzen da. Batzuetan, kontsumitzaileak hitzezko tratu edo aurrekontu batekin enkargatzen du erreforma, inolako aurrekontu idatzirik gabe. Ondotik, faktura pasatzen diotenean, engainatuta sentitzen da, prezioa gehiegizkoa dela uste baitu.
Obra hasi baino lehen, komeni da aurrekontu bat baino gehiago eskatzea, nahiz eta guti gorabeherako aurrekontuak izan, konparatu ahal izateko. Hori bai, aurrekontua eskatzeko momentu berean komeni da argitzea ea aurrekontua prestatzeagatik kobratuko duten eta zenbat, nahiz eta gero lana ez enkargatu.
Komeni da enpresak aurrekontu xehe-xehe zehaztea, egin beharreko lanak eta lan bakoitzak izanen duen kostua zehatz-mehatz adieraziz, baita materialen eta eskulanaren prezioa ere. Aurrekontuan zergak ere zehaztu behar dira. Kontsumitzaileak adi egon behar du, enpresa batzuek arrunt kalkulu txikia egiten dutelako, bezeroak aukera ditzan, eta, gero, egiazko aurrekontua aisa handiagoa da.
Hasierako aurrekontuaren gaineko garestitzeak espresuki onartu behar dira
Irachek dioenez, prezioarekin lotutako bertze arazo handi bat onartutako hasierako aurrekontuaren gaineko aldaketak izaten dira. Hasiera batean, enpresak ordainketa garestitzea dakarren edozein ustekaberen berri eman beharko luke, eta kontsumitzaileak onartu egin beharko luke kobratu ahal izateko. Hala ere, ohikoak dira justifikatu gabeko garestitzeak, batzuetan milaka eurokoak, hasiera batean eskainitako aurrekontuaren gainean. Enpresa batzuek, hasierako aurrekontuan, portzentaje aldakorra ezartzen dute gero ezustekoendako, adibidez, % 10ekoa. Auniztan, ehuneko aldakor hori kobratu egiten da, nahiz eta beti ez den behar bezalako zorroztasunarekin justifikatzen.
Aurrekontuan zehaztu behar da obra akitzeko data eta atzerapenagatik egonen diren zigorrak
Iracheren arabera, bertze gatazka izaten da obra bukatzen berandutzea. Hortaz, «garrantzitsua da kontratuan obrak hasteko eta bukatzeko data bat finkatzea. Are gehiago, hobe da bukatzeko datarekin gerta daitekeen atzerapenagatik zigor bat zehaztea. Hori da atzerapenak saihesteko modurik onena» dio Irache kontsumitzaileek elkarteak.
Azken emaitza nolako espero den ahalik eta gehien zehaztea
Berrikuntza obretan ohikoa den bertze kexa bat lanen kalitate edo emaitza eskasa izaten da Irachek dioenez. «Gaizki ulertuak saihesteko, onena erreformak ahalik eta gehien zehaztea da, ahal bada. Horretarako, komeni da kontratuan zehaztea azken emaitza definitzen duten deskribapenak eta elementu grafikoak biltzea. Deskribapen hori zenbat eta zehatzagoa izan, orduan eta aukera gehiago egonen dira ez-betetzeak erreklamatzeko, eta hori ez da beti erraza izaten».
Horretarako, erabiliko diren materialak, markak, modeloak edo piezak –aurrekontuan sartuta egon behar dutenak– zehaztea komeni da. Batzuek, arazorik ez izateko, nahiago dute materialak beren kabuz erosi eta enpresari lanak egiteagatik bakarrik ordaintzea.
Horretarako, erabiliko diren materialak, markak, modeloak edo piezak –aurrekontuan sartuta egon behar dutenak– zehaztea komeni da. Batzuek, arazorik ez izateko, nahiago dute materialak beren kabuz erosi eta enpresari lanak egiteagatik bakarrik ordaintzea.
Faseka edo lanak bukatu ahala ordaintzea
Garrantzitsua da baita, kontratuan zehaztea ordaintzeko modua, ordainketak nola eta noiz eginen diren argi gelditzeko: kontratua sinatzean edo obra hastean zenbat, zati bat bukatzean zenbat... Horri esker, bezeroak partida jakin batzuk soilik ordaindu beharko ditu lanak bukatu direnean, eta ziurtatu behar du enpresak ez diola bazterrean utziko dirua bere kontuan duenean eta obra bukatu gabe.
Obran akatsak hautematen badira, garrantzitsua da lehenbailehen idatziz jakinaraztea lanaz arduratzen den enpresari. Argazkiak edo akats horien lekuko den bertze edozein elementu ere atera daiteke. Gainera, kontratua eta egindako lanen fakturak gorde behar dira beti.
Kasu batzuetan, erreforma bukatu zenetik hilabeteak igaro direnean, hezetasunak agertzen hasi dira paretaren batean edo ondoko etxebizitzetan. Igarotako denboraren arabera, enpresa batzuek ez dute erantzukizunik.
Obran akatsak hautematen badira, garrantzitsua da lehenbailehen idatziz jakinaraztea lanaz arduratzen den enpresari. Argazkiak edo akats horien lekuko den bertze edozein elementu ere atera daiteke. Gainera, kontratua eta egindako lanen fakturak gorde behar dira beti.
Kasu batzuetan, erreforma bukatu zenetik hilabeteak igaro direnean, hezetasunak agertzen hasi dira paretaren batean edo ondoko etxebizitzetan. Igarotako denboraren arabera, enpresa batzuek ez dute erantzukizunik.
Bizilagunei jakinaraztea, beharrezko baimenei buruz galdetzea
Funtsezko bertze kontu bat da edozein erreforma egiteko behar diren hirigintza-lizentzia edo baimenen berri izatea. Bertzalde, komeni da gainerako bizilagunei horien berri ematea. Komeni da ziurtatzea obrek ez dietela eraikinaren elementu komunei eragiten, eta galdetzea ea eraikineko obretarako ordutegiak finkatuta dauden.
Gainera, arras gomendagarria da enteratzea obra horiengatik dirulaguntzaren bat eskatzeko aukerarik ba ote dagoen, bai eta desgrabazioak edo zerga murriztuak ere, azken kostua merkatzea ekarriko baitute.
Etxebizitza iraunkorragoa eta bizigarriagoa egitea onuragarria da
Irachek uste du administrazioak etxeetako efizientzia energetikoa hobetzea ekarriko duten birgaitze-lanak sustatzen segitu behar duela, etxebizitzak iraunkorrak, bizigarriak eta herritarren behar berrietara egokituak egon daitezen.