ELIZONDO LH-KO KIROL ZIKLOKO NESKAK

«Kirol ikasketak neskentzat ere badira»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 14a, 11:00
Elizondon kirol zikloa ikasten duten neskak mendiz mendi egin zuten ibilaldian.

Emakumearen presentzia kirol arloan gero eta normalizatuagoa dago. Kirol ikasketetan ere ari dira. Elizondo Lanbide Eskolan, adibidez, kirol zikloa eskaintzen dute, baina aurten lehen mailan ez dute neskarik. Joera horrek kezka eragiten du eta buelta eman nahi liokete

Elizondo Lanbide Eskolan kirol zikloa zergatik aukeratu zuten galdetzerakoan, «azkenean guztiok irakasle izan nahi dugu» erantzun digute, «eta bide hau aukeratu genuan batxilergoa egitea baino askoz praktikoagoa dela uste genuelako, ez duzu kirol bat praktikatu beharrik, baina bai kirol egitea gustuko izatea».

Behin zikloa hasita, espero zutena baino oraindik gusturago dabiltza: «Espero genuena baino askoz hobea izan da, harreman handia sortu dugu, kristoren giroa dago eta espero genuena baino gehiago ikasi dugu, irakasleak ere bikainak dira, arras gustura gaude ikasten ari garenarekin, hartu dugun erabakirik onena izan da».

Ikasgai praktikoak izaten dituzte, baina baita teorikoak ere: «Bai ikasketa teorikoak daude, mapak irakurtzen, lehen sorospenak, bizikletaren parteak eta errepideko arauak, nominak egiten eta ulertzen animalien eta landareen portaera ikasi genituen. Horrez gain, adin guztietako haurrak eta ezgaitasunak dituzten pertsonak kudeatzen ikasi genuen, zaldi monitore izateko, eskaladako monitore eta mendi gidari izateko prestatu gaituzte».

Mendiz mendi

Ikasgai gustukoenen artean aukeratzeko galdetuta, «lehenengo mailako gure ikasgairik gogokoena mendi gidaritza izan da –erantzun digute–, harreman gehien sortu dugun ikasgaia izan delako eta kurtso bukaeran hiru eguneko mendi zeharkaldi bat egin genuen». Ibilaldi horretan Baztan guztia zeharkatu zuten, «mendiz mendi eta izarren azpian lo egiten. Eta bigarren mailako ikasgairik onena maniobrak sokekin izan da, eskalada egin dugu, arroila jaitsierak, arbolismoa, tirolinak eta tirolinetako erreskateak, rapela, korapiloak egiten ikasi dugu eta espeleologia egin dugu». Aldiz, lehenengo mailan gutxien gustatu zitzaien ikasgaia «zaldia izan zen, denbora gehiena ikuiluak eta zaldiak garbitzen pasatzen genuen eta ez ginen mendira ibilbideak egitera ateratzen. Hori bai, bigarren mailan ikasgaia hobetzen da zelaietan galopatzen eta mendian ibilbideak egiten ditugu. Bigarren mailan gutxien gustatu zaigun ikasgaia lehen sorospenak izan da, oso ikasgai teorikoa delako».

«Esperientzia eta bizipen ikaragarriak bizitzen dira»

Duela urte batzuetatik honat, zorionez, emakumeen presentzia aunitz normalizatu da kirol arloan, baina, oraindik orain, neska guttik hautatzen dute ziklo hau. Elizondon, bigarren mailan, neskak % 30a dira, baina lehen mailan, 22tik 22 mutikoak. Zergatik? «Mutilentzako ziklo bat dela uste delako –erantzun digute–, oso ziklo fisikoa da eta gehienek uste dute ez direla eskatzen diren denboretara ailegatuko, baina behar den bakarra fisikoki pixka bat sufritzeko ahalmena da. Zenbakietan mutilak nabarmentzen diren ziklo bat da eta emakume gutti izateak pixka bat inposatzen du».

Kirol zikloa gustukoa duten, baina matrikulatzeko pausua emateko zalantzak dituzten neskak animatu nahi dituzte, «esperientzia ederra delako, asko ikasten delako, harreman ederrak sortzen direlako. Batzuetan ez dirudi klasean zaudenik, esperientzia eta bizipen ikaragarriak bizitzen direlako. Gainera, kirol ugari probatzeko aukera ikaragarria da».

Aitzinera begira, «goi mailako ziko bat egitea da hurrengo pausua, gure klasean hiru bide aukeratuko ditugu: Kirol zikloan egokitzapen fisikoa, Gizarte eta kirol irakaskuntza eta Animazioa eta Haur Hezkuntza zikloa dira (datorren ikasturtean lehen aldiz Elizondon eskainiko da), baina guztia irakaskuntzara begira dago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun