Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa igandean abiatuko da Donezteben

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 11a, 13:00
Amaiur eta Beti Gazteko emakumeak Lesakako frontoian, joan den urteko launakako txapelketan. Aurten ere baztandarrak eta lesakarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak txapelketa honetan. Argazkia: Pako Santxez

Amaiur eta Beti Gazte izanen dira eskualdeko ordezkari bakarrak eta hilaren 27an Elizondon erabakiko da txapelketa mistoa

Munduko sokatira txapelketako foku distiratsuak itzalita, Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa abiatuko da orain. Azken urteetan bezala, Amaiur eta Lesakako Beti Gazte izanen dira hemen ere eskualdeko ordezkariak. Apirilaren 14an, igandean 11:30ean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 255 kiloko laukoteen lehen jardunaldia jokatuko dute, baita hogei urtez beheitikoena ere (280 kilo).

Gizonezkoetan, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira eta emakumezkoetan, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes A eta B, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira. Gazte mailan, Amaiur izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta baztandarrekin batera, Antsoaingo hiru talde eta Berriozarko bi lehiatuko dira.

Apirilaren 20an kategoria hauetako bigarren jardunaldia eta finalak izanen dituzte Barasoainen.

Apirilaren 27an Elizondon txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean erabakiko da. Amaiurrek bi laukote eta Beti Gaztek bat paratuko dituzte goma gainean. Araxesek eta Berriozarrek bi laukote eta Antsoainek eta Txantreak bana aurkeztuko dituzte, beraz, bederatzi talde ariko dira lehian. 20 urtez beheitikoek hirugarren eta hondar jardunaldia izanen dute.

Maiatzaren 11n Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 240 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen lehen jardunaldia (eskualdeko ordezkaririk gabe) jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur eta Beti Gaztek talde bana aurkeztuko dute eta Antsoainek, Berriozarrek eta Txantreak bina. Emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain A eta B, Araxes, Berriozar eta Txantrea A eta B ariko dira.

Maiatzaren 18an Txantrean, azkenik, pisu arinetako eta kadeteen bigarren jardunaldi erabakigarria eta finalak izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun