Lurraldearen defentsan lanean ari diren Euskal Herriko hainbat mugimenduk eta plataformak Lurraren Defentsan, Euskal Herria Bizirik Sarea sortu dute eta sare hori da larunbateko topaketa antolatu duena. Sareak kritikatu duenez, «natur ingurumenaren suntsipenak ez du etenik, eta makroproiektu eoliko nahiz fotovoltaiko erraldoien ezarpenarekin gobernuek bultzatzen duten trantsizio energetiko korporatiboak krisi ekologiko eta sozialera eraman gaituen eredu desarrollista berberean sakontzen du». Dagoeneko 500 herritar baino gehiagok sinatu duten Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde manifestuan salatu dutenez, «elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo eta energetikoa erabat eraldatzea, eta gure lurraldeen demokratizazioan sakontzea».
Egun osoko ekitaldiak
Larunbateko manifestazioa 18:00etan hasiko da Azpeitiko plazan, baina horrez gain, goizean tailerrak eta mahai ingurua eginen dituzte. Zehazki, 10:00etan Trantsizio energetiko korporatiboa eta megaproiektuak, Krisi ekosozialaren testuinguruan agroekologiatik ekarpenak, Euskal feminismoa lurraren defentsan eta Bioaniztasunaren galera: kausak eta ondorioak tailerrak eginen dituzte Sindikatu Zaharrean, Basazabal Jauregian, Baigerako aretoan eta Azoka plazako aretoan.
12:00etan, berriz, mahai ingurua eginen dute Azoka Plazako aretoan: Aragoiko Plataforma de defensa del territorio Cincovillas eta Galiziako Ecoloxistas Galicia Atlantica e Verde taldeek hartuko dute parte. 14:30ean bazkaria eginen dute (erreserba egiteko 676 76 75 16) eta egun osoan Hamaika erakusketa artistiko ibiltaria Sanagustin kultur gunean ikusgai izanen da.