Berria Erremonte Txapelketako finalaurrekoak osatu ziren larunbatean Galarretan ligaxkakako azken partida jokatu eta gero. Zaldua II.ak eta Eskduerok 2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) gainditu zituzten Arluziaga eta Aritz Zubiri goizuetarra, eta finalerdietara sailkatu dira B taldean bigarren bukatu eta gero puntu bakarrarekin. Galtzaileek ere puntu bakarrarekin bukatu dute ligaxka, baina kanporatuak geratu dira euren arteko partida galdu ondotik. Beraz, datorren larunbateko finalerdian Zaldua II.ak eta Eskuderok, Aimar Jabalera doneztebarra eta Goikoetxea VI.a izanen dituzte aurkari. Beste finalerdia jokatuko dute Gurrutxaga-Aiestaran VI.ak, Irazu-Zaldua I.aaren kontra.
Ligaxkako azken partida berdindua izan zen, baina bikote sendoagoa osatu zuten Zalduak eta Eskuderok. Joku erabakigarrian 5-4 galtzen jarri arren Zalduaren lan onak lau eta bateko aldeko partziala izatera eraman zuen bikote urdina (8-6). Lehenengo bi jokoetan ere beraiek eraman zuten ekimena eta bikote sendoagoa izan direla erakutsi dute. Zalduak gidaritza eraman arren, Eskuderok ez zuen akats askorik egin eta horrek eraman zituen garaipenera. Gorrietan Zubiri goizuetarra sendo aritu zen eta partidako erremontistarik onena izan zen, baina aurrean Arluziagak ez zituen tantoak bukatzeko aukerak baliatu.