Topaguneak 'Gero eta aldeko gehiago, Tejiendo alianzas' ikerketa aurkeztuko du Iruñeko Kondestablearen Jauregian

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 9a, 18:00
2021ean egin zen 'Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak' jardunaldiko mahainguruetako bat. Argazkia: @topagunea

Euskaltzaleen Topaguneak azken bi urteetan egin duen ikerketa aurkeztuko du Iruñeko Kondestablearen Jauregian apirilaren 17an. Nafarroako gizartean euskararen aldekotasuna handitzeko diskurtso berriak eta argudioak aurkeztuko ditu. Jardunaldian izena emateko epea apirilaren 12an bukatuko da eta Topaguneak jakitera eman duenez, «oraindik plaza gutxi batzuk gelditzen dira libre».

Nafarroan euskararen aldekotasuna handitzeko diskurtso berriak eta argudioak aurkeztuko ditu Euskaltzaleen Topaguneak.

Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria Oskar Zapatak azaldu duenez, «aurkeztuko ditugun horiek ez datoz bestelako kontakizunak ordezkatzera, osatzera baizik». Euskaltzaleen Topagunearen helburu estrategikoetako bat da etorkizunean Nafarroako biztanleriaren gehiengoa euskara indarberritzeko prozesuaren alde egotea; hortaz, euskararen aldeko jarrerak eta aukerak sustatzen ditu gizartean. Alabaina, 2016an eta 2021ean egindako azken bi inkesta soziolinguistikoetan datu «kezkagarriak» ageri ziren Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan.

2016an jaso ziren datuen bidetik, azkenekoan, 2021ean egindakoan, inkestatuen % 30 alde agertu zen, % 33 ez alde ez kontra, eta % 37 kontra deklaratu zen. «Kezka horretan oinarriturik, erabaki kontziente baten ondorioz, 2021ean hasi ginen lanean», adierazi du Zapatak. Helburua zein den azpimarratu nahi izan du zuzendariak: «Etorkizun hurbilean eta  ertainean nafar gehienek euskararen aldeko neurriak propio sentitu eta babes ditzagun». 

Ikerketaz

Euskaltzaleen Topaguneak lantaldea eratu zuen 2021ean, eta Zapatak azaldu duenez, lantalde horren egitekoa zen «Topagunearekin batera gogoetak partekatzea eta proposamenak egitea». Taldearen asmoen artean, besteak beste, euskara sustatzeko jardunbide egokien inguruan argudioak sortzea, errealitate soziolinguistikoan eragitea edota aliatuen sarea handitzea zeuden. «Ekarpen itzela egin dute taldekideek –nabarmendu du Zapatak–, zintzotasun osoz eta aho bizarrik gabe». Behin ariketa hori eginda, taldeak diagnosia partekatu zuen, gatazka nagusiak non diren identifikatzeko; prozesu luze baten ondotik, taldearen izaerari begira zeintzuk ziren ekarpena egiteko hurbilenak eta interesgarrienak adostu ziren: Hezkuntzan, Komunitatean eta Nazio identitateen talkan aritzea erabaki zen. 

Horren ondorioz, 2021eko udazkenean jardunaldi ireki bat egin zen. Han ehun lagunek parte hartu zuten eta hainbat ekarpen egin zituzten. Kontraste foroak ere egin dira ikerketan, bai euskaltzaleekin baita erdaldunekin ere. «Helburua aliantzak jostea bada, ekarpenak hainbat ahotsetatik iritsi behar dira», azaldu du Zapatak. Joan zen urtean, ikerketa hainbat gizarte eragilerekin partekatu zen, uztak eman duen fruituen berri emateko. «Ikerketa luze hau praktika egokiak ezartzeko eta kontakizunak eraikitzeko baliagarria izanen da», zehaztu du Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak.

Ahots heterogeneoak jardunaldian

Nafarroan euskararen aldekotasuna handitzeko proposamena apirilaren 17an Iruñeko Kondestablearen Jauregian eginen diren jardunaldietan aurkeztuko du Euskaltzaleen Topaguneak. Era berean, aldekotasuna lantzerakoan kontuan hartu beharreko hainbat faktoreren inguruan bestelako gogoetak ere ekarriko ditu jardunaldiak. Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneak egin duen ikerketa etxeko bi ahotsek aurkeztuko dute: Oskar Zapatak eta Iñaki Sagardoik. Beste ahots batzuek ere lekua izanen dute. Aretoko edukiera mugatua denez, izena eman beharra dago topagunea.eus atarian. Gainera, Katakraken bazkaltzeko aukera ere badago, 25 euroren truke.

Gero eta aldeko gehiago jardunaldiaren egitaraua
Apirilak 17, asteazkena

Iruñeko Kondestable jauregian

  • 08:30 Irekiera ekitaldia: Ana Ollo Hualde, Oskar Zapata Solano.
  • 09:30 Hitzaldia: Harremanak, praktikak eta afektuen zirimolak Eduardo Apodaka. Gidaria: Marta Chamorro.
  • 10:00 Hitzaldia: Erronkak, biziberritze prozesuarekiko interesik ez dutenekin. Argudioak eta ekintzak. Marina Massager. Gidaria: Aingeru Epaltza.
  • 11:00 Atsedena.
  • 11:30 Aurkezpena: Gero eta aldeko gehiago Nafarroan. Oskar Zapata, Iñaki Sagardoi. Gidaria: Irati Iciar.
  • 12:30 Elkarrizketa: Harremanak, jokaerak. Maria Oianguren Idigoras, Eneko Calle Garcia, Yasmine Krhis Maansri. Gidariak: Miren Mindegia,  Martxelo Diaz.
  • 13:20 Mahai ingurua: Ildo diskurtsiboak. Cristina Oses Zudaire, Carlos Vilches Plaza, Lur Albizu Etxetxipia. Gidariak: Uxue Rey, Juan Kruz Lakasta.
  • 14:30 Bazkaria.
  • 16:30 Egunaren errepasoa: Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko zuzeneko irrati saioa Katakraken.
  • 17:30 Itxiera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun