Ez da leitzarren arteko finalik izanen Ados pilota elkartearen txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 8a, 13:00
Ados elkarteko txapelketako lehen finalerdia jokatu zuten pilotariak, pilota eskolako neskekin batera Labriten.

Goiuri Zabaletak eta Zabalak 20-22 galdu zuten Ruiz de Infanteren eta Galeanoren kontrako lehen finalerdia

Abenduaren 16an hasi zen Ados pilota elkartearen binakako txapelketak baditu lehen finalistak igandean Labriten jokatutako lehen finalerdi ederraren ondotik. Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Zabalak 20-22 galdu zuten Ruiz de Infanteren eta Galeanoren kontra, 18-14 irabazten joan ondotik.

Ohi moduan, jaialdia hasteko Ados Pilota eskolako neska txikienek bi partida eder jokatu zituzten. Gozatua hartu zuen horrelako pilotaleku mitiko batean jokatzeko aukera edukita. Ondotik lehen mailako partida jokatu zuten eta Aldaregiak eta Mendiburuk 18-14 irabazi zieten Etxekolonea zubietarrari eta Etxebeste beratarrari

Azkenik lehen finalerdi handiaren txanda iritsi da eta txapelketa guztian zehar egon den emozioa izan da nagusi hasi eta buka. Finalerako txartela jokoan, tentsio handiko partidua eta lau pilotari handiren arteko lehia ona ikusi dute gaur Labritera gerturatu diren pilotazaleek. Markagailuan alde egin ezinik ibili dira bi bikoteak partidu erdira arte. Urdinak 14-11 aurretik jartzea lortu badute ere gorrien erreakzioa etorri da jarraian  markagailua irauli eta 18-14 aurreratuz. Aldeak erabakigarria zirudienean urdinek lanean jarraitu zuten, hogeina berdindu duten arte eta beraiek lortu dute azkenean, emozioz beteriko azken tantoetan, final handirako txartela. 

Galeano, Ruiz de Infante, Zabala eta Zabaleta, epailearekin, finala hasi baino lehen.

Beraz, Antzuolan apirilaren 20an jokatuko den lehen mailako finalean izango dira txapelketa bikaina egiten ari diren Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeano. Beraien arerio zein izanen diren apirilaren 13an Biarritzen jokatuko den finalerdian erabakiko da: Iturriaga leitzarra eta Orbegozo, Barrokal eta Agirreren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun