Ados elkarteko eskuz binakako txapelketaren lehen finalerdia igandean jokatuko dute Labriten

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 4a, 18:00
Zabala, Zabaleta, Galeano eta Ruiz de Infante gustura gelditu ziren igandeko finalerdia jokatzeko aukeratutako pilotekin.

Goiuri Zabaleta leitzarra eta Zabala, Ruiz de Infanteren eta Galeanoren kontra ariko dira

Ados emakume pilotari profesionalen elkartearen eskuz binakako hirugarren txapelketa azken txanpan da. Apirilaren 7an, igandean 11:30eann hasita Labriten jokatuko den lehen finalerdiaren aurkezpena egin zuten atzo Iruñeko pilotalekuan. Goiuri Zabaleta leitzarra eta Zabala, Ruiz de Infante eta Galeanoren kontra ariko dira. Pilotari protagonistak eta Iruñeko udaleko kirol eta kultura zinegotzia den Maider Beloki izan ziren aurkezpenean eta partidarako pilotak ere aukeratu zituzten.

Maite Ruiz de Larramendik hartu zuen hasieran hitza beste behin Iruñeko udalak Ados Pilota elkarteari bere sorreratik eman dion babesa eskertuz. Bide beretik Maider Belokik elkarkidetzan jarraitzeko asmoa dutela azpimarratu zuen, emakume pilotari porfesionalen ibilbide honetan laguntza emanez. Gainera Iruñea munduko pilota hiriburu bihurtzeko ahaleginaren barruan kokatu zuen emandako babesa eta emakumearen presentzia ezinbestekotzat jo zuen.

Lau pilotari protagonistak gustura gelditu ziren hautatu duten materialarekin eta bi bikoteek partida gogorra aurreikusten dute igandean, elkarren kontra Otxandion jokatu zuten azken lehia horrela izan baitzen. Igandean 11:30ean hasiko da pilota jaialdia Labriten eta Zabaletak eta Zabalak, Ruiz de Infante eta Galeanoren kontra jokatuko duten finalerdiaren aitzinetik, Aldaregia eta Mendiburu, Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarraren eta Irantzu Etxebeste Iantzi beratarraren kontra ariko dira.

Beraz, osagai guztiak mahai gainean jarrita prest dago dena igandean Labriten egun handia bizitzeko, Ados elkartearen eskuz binakako txapelketaren lehen finalerdiarekin. Bigarren finalerdia apirilaren 13an jokatuko dute Biarritzen Iturriaga leitzarrak eta Orbegozok, Barrokal eta Agirreren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun