'Oroibidea' plataforma digitalean ageri dira Nafarroan 1936ko gerrak eta frankismoak utzitako 23.000 biktima baino gehiagori buruzko datuak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 4a, 14:00

Bilaketa errazteko, hainbat iragazki ditu plataformak: biktimen izenak, herriak, errepresio tokiakā€¦ Konparaziora, bilatzailean 'Etxalar' sartuta, goian ageri den emaitza erakusten du.

Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu berri du Nafarroako Gobernuak eta 50.800 erreferentzia bibliografiko baino gehiago, 356 elkarrizketa eta milaka argazki biltzen ditu bertan.

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak Oroibidea - Camino de memoria gerra zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren eguneratzea eta berritasunak aurkeztu berri dituzte.

2020an sortu zenetik zeuden sarrera eta erreferentzia pertsonalak laukoiztu ditu Oroibidea plataformak. Oraingoz, frankismoaren 23.053 biktimen erreferentziak ageri dira.

Erreferentzia horiek hainbat formatutan daude: testuak, audioak, elkarrizketak, bideoak, dokumentu juridikoak, hobiak aurkitzeko mapak, etab. Gainera, web ataria lau hizkuntzatan kontsulta daiteke: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez.

Ollo lehendakariordeak azaldu duenez, «Tresna hau Nafarroako Gobernuak 2015etik hasitako jarduera-ildo zabalago baten barnean kokatzen da, eta, egungo Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren bitartez, Nafarroako Memoriaren Institutuaren Dokumentazio Zentroaren bidez Foru Erkidegoko ondare memorialista zaintzearen eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu du».

Hori dela eta, Ollok azaldu duenez, hainbat proiektu egin dira gai eta une historiko ezberdinei buruzko lekukotasunak grabatzeko; dokumentu-funts publikoak eta pribatuak bildu eta digitalizatu dira, bai protagonistenak, bai elkarte, sindikatu eta alderdi politikoenak; ikerketak sustatu dira errepresioaren dimentsio zehatzei buruz, hala nola emakumeen aurkako indarkeriari buruz, LGTBI kolektiboari buruz, behartutako langileei buruz, errepresio ekonomikoari buruz, erbesteari buruz... «Material multzo handi hori guztia, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsak edo Hobien Mapak bildutako datu ugariak barne, ‘Oroibidea – Camino de memoria’ proiektuan txertatzen ari dira. Proiektuaren egitura eta dimentsioa sendotu eta indartu egiten da, eta prozesatutako datuen bolumena esponentzialki biderkatzen du, 23.053 errepresaliatuenak izan arteraino».

Pertsona horiek guztiek errepresioa jasan dute manera batean edo bertzean, hala nola espetxea, hilketa, kontzentrazio esparruetan edo behartutako langileen batailoietan, errepresio ekonomikoa, erbestea, etab. Biktima bakoitzaren fitxak eurei buruz eskuragarri dagoen informazio guztia lortzeko bidea dira: dokumentuak, irudiak, elkarrizketak, erreferentzia bibliografikoak...

Herritar guztiendako eskuragarri

‘Oroibidea’ artxibo digitalaren bertsio berri hau Nafarroako Gobernuak aldez aurretik laguntzen eta finantzatzen zituen beste datu-base batzuetatik, hala nola Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsetik edo Hobien Mapatik, datozen informazioak integratzearen emaitza izan da. Memoria historikoari buruzko eta errepresio frankistari buruzko hainbat modalitatetako ia berrogeita hamar lan sistematikoki ustiatzetik eratorritako milaka erreferentzia bibliografiko ere integratu dituzte. Hasierako bertsioaren bilakaera arrunt garrantzitsua izan da haren oinarrizko osagai bakoitzean.

‘Oroibidea’ artxibo digitalak, orain arte bezala, pertsonen edo herrien arabera bilaketak egiteko aukera emateaz gain, errepresio lekuetatik ere egiteko aukera ematen du. Bertan 244 hobi, 127 espetxe, 20 kontzentrazio esparru eta behartutako langileen 45 batailoi sartu dira. Leku horietako bakoitzean, handik igaro ziren biktima guztiak zerrendatu dituzte, 16.369 guztira.

Azkenik, dokumentazio berria sartu da, eta Iruñean egindako gerra-kontseiluen epaiak nabarmendu behar dira, ‘Oroibidean’ erlazionatutako 456 pertsonari eragin baitzieten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun