Udan Saharako haurrak etxean hartzeko kanpaina abiatu du Saharaztanek

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 29a, 10:00

Saharaztan Baztan-Bidasoko taldeak Oporrak bakean egitasmoa aurkezteko bideoa prestatu du, eta eskualdeko familiak animatu ditu udan Saharako haurrak etxean hartzera

Azaldu dutenez, «harrera uda sasoian egiten da, saharar errefuxiatuak diren neska-mutikoei osasuna, elikadura, aisia eta gure kultura erakusteko. Beraiek sufritzen ari diren bizi baldintza gogorretan oinarrizko osasun arreta ere ez dute bermatua, eta osasungarrirako ezinbertzekoak diren barazki, esneki eta fruten guttieneko kontsumoa zail egiten zaie».

Harrera familia izan nahi dutenei informazioa eta aholkuak emateko eta laguntzeko konpromisoa hartu du Saharaztanek. Horretarako, interesa dutenek eskuragarri dituzte hurrengo telefono zenbakiak: Bertizarana eta Malerrekan 635 59 93 06, Bortzirietan 646 43 14 35 eta Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdin 659 55 30 14. Gainera, taldearen Facebook orriaren bidez eta saharaztan@hotmail.com helbidearen bitartez jar daiteke kontaktuan elkartearekin.

Oporrak bakean programa Nafarroa mailako ANAS elkartearekin batera egiten dute, «eta aurtengo harreran etorriko diren haur kopurua haunditzeko erronka hartu dugu. Norbanakotasunetik elkartasuna adieraziz, adin ttikiko hauentzat berebiziko garrantzia duen aukera eskaintzen ari gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun