Non eta mugan juntatu dira Beskoitze eta Zangozako ikastolak, Balmasedako Zubizaharra, Lodosako Ibaialde, Sohütako Eperra eta Bianako Erentzun, baita Tuterako Argia eta Oiongo San Vicente ere, elkar adoretzeko eta, era berean, omenduak izateko, aitzina segitzeko bizirik euskaraz.
Zortzi ikastola eta zortzi herri desberdin eta antzeko, Euskal Herriko periferian, baina ez Euskal Herritik kanpo. Non eta mugan, herria egiteko sortu ziren ikastolak, eta ama euskarak badaki nola gu seme-alabok elkartu, batera bizitzen segitzeko. Azkenaldian hezkuntzak eta euskarak Espainiatik eta Frantziatik pairatzen dituzten trabak dira ikastolei sartutako labankadak, baina Beskoitzeko besarkadaren elkartasunak eta batasunak min denak kenduko ahal ditu!
Non eta mugan, herriek miresmenez begiratzen diote erdiguneari, eta, era berean, erdiguneek periferia idealizatzen omen dute. Gure arteko sarea indartzea eta ehuntzea da irtenbidea kanpotik datozen oldarraldien aurrean, eta aitzina segitzeko sare hori irun beharra dago etengabe. Bizirik irauteko irun besterik ez dago eguneroko lanean, irun elkarren arteko sarea, euskara den hariarekin.
Non eta mugan bildu gara, Beskoitzen, elkar adoretzeko (edo ahalduntzeko), eta iruten segitzeko, irauteko irun beharra baitago, eta Irun da orain harro herri honen bihotza, Baionara bidean gorpuztuko den ehuna, tipi-tapa hamaika egunetan, herriz herri, mugatik mugara, periferiatik erdigunera. Edo ez. Agian ez dago mugarik, eta denok gara erdigune eta periferia aldi berean, denok gara bat euskara den hari ikusezin honek ehundurik, irundurik.
Ainara Maia Urroz
Irun, 2024/03/22