IRAIA OIARTZABAL

«Soinekoa zerotik sortzeko prozesuan asko disfrutatzen da»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 13a, 12:00

Duela hiru urte sortu zuten Getary atelierra Iraia Oiartzabalek eta Ane Areitiok Donostian. Oiartzabalek 10 urteko esperientzia zuen joskintza lanetan bere markapean, eta Areitio finantzen munduan aritua bazen ere, moda zuen pasioa. Pasio horrek elkarturik, konfinamenduan abiatu zuten bi lagunek marka sortzeko ideia.

«Ezkontzako soinekoen bilduma bat saltzen hasi ginen, baina jantzi bakoitzean eskua sartzen bukatzen nuen beti, pertsonalizatu ahal izateko». Orduan konturatu ziren ongi ulertzen zutela elkar, eta batak orratzarekin eta besteak zenbakiekin, elkarren lana osatzen zutela.

«Lanean bakarrik aritu ondotik, norbait nahi nuen ondoan, nire maila berean egotea, eta Anek pertsonekin gertutik lan egiteko ohitura zuen. Orduan erabaki genuen gure lanak uztea atelierra sortzeko. Bizitzan hartu dugun erabakirik onena izan zen».

Norberaren neurrira

Gaur egun ezkongaientzako eta gonbidatuentzako neurrira egindako soinekoak sortzen dituzte. «Bezero bakoitzaren beharretan zentratzen saiatzen gara, horregatik, urtean bezero gutxi hartzen ditugu, batez ere ezkongaiak». Horretarako, «bezeroak urtebeteko aurrerapenarekin etortzea gustatzen zaigu, denbora izateko».

Lehenengo hitzorduan «elkar ezagutzen dugu eta brainstorming baten bidez hainbat ideia mahaigaineratzen ditugu, bezeroak gustuko duena definitzeko. Bere gorpuzkerari, keinuei eta jokabideari erreparatzen diogu, eta lehen zirriborroa sortu eta materialak aukeratzen hasten gara».

Soinekoarekin bortz proba egiten dituzte: «lehenbizikoa kotoizko tela batekin egiten dugu, eta erabakigarriena izaten da ideia orokorra egiteko. Bezeroaren neurrira egiten dugu, bere gainean markatzailearekin eta guraizearekin forma emanez, bere gorputzak eskatzen digunaren arabera». Xehetasunak aurrerago lantzen dituzte; «erabakiak probaz proba hartzen ditugu, elkarrekin, ezusterik izan ez dezaten».

Ezkontzako soinekoen munduak bere joerak izan ohi ditu, «eta diseinu batek arrakasta izaten badu, urte asko irauten ditu». Hala ere, «jendeak horrelako soineko bat bizitzan behin egiten du normalki, eta argi izaten dute zer nahi duen. Joerak baino gehiago baloratzen da norberak gustukoa izatea, fisikoarekin ongi gelditzea eta izaerarekin bat egitea».

«Disfrutatzeko prozesua»

Azaldu duenez, «ezkontzen sektorea oso anitza da, eta ezkongai bakoitzak bere soinekoa bilatzen du, ezaugarri propioekin. Normalean lehenbiziko aldiz egiten duten prozesua da, eta bezeroak, lagunek eta familiak asko disfrutatzen dute. Giro ederra sortzen da denon artean».

Hala ere, «kontziente gara prozesu hau ez dela mundu guztiarentzat, horregatik, inportanteena bezeroarekin hasieratik ondo ulertzea da. Zerotik sortutako soineko bat ikusteko gaitasuna eta gogoa izan behar du; prozesuan konfiantza izan behar du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun