[GUTUNA]: Saiakera aldrebes atera zaizu... Eta orain zer, Gimeno jauna?

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 9a, 07:00

Jardunaldi jarraitua eskola guztientzako plataformaren izenean, idatzi hau bidali dute Marta Miramon Muñoz, Ainhoa Etxeberria Arburua eta Mayra Goldaraz Bustok TTIPI-TTAPAra. «Ikastetxeetan jardunaldi jarraitua ezartzeko oztopo eta zailtasunengatik itzalez betetako prozesu baten ondoren, hurrengo urteetan asmo txarreko araudiaren ondorioz jardunaldi zatitua izango dugun ikastetxe apurretako familiok gure egoera eta haserrea adierazi nahi dugu».

Ikastetxeetan jardunaldi jarraitua ezartzeko oztopo eta zailtasunengatik itzalez betetako prozesu baten ondoren, hurrengo urteetan asmo txarreko araudiaren ondorioz jardunaldi zatitua izango dugun ikastetxe apurretako familiok gure egoera eta haserrea adierazi nahi dugu.

Duela bi urte Gimeno kontseilariak familiei eta prentsari adierazi zien bere asmo irmoa bozketetan eskatutako gehiengoak aldatzea zela, baina Foru Agindu berrian mantendu egin ditu.

17 urtetan jardunaldi jarraitua eta malgua esperimentalak izan dira. Horietan, Departamentuak ikastetxeen datuak bildu eta ebaluazioak aztertu ditu, eta argi eta garbi ondorioztatu du ez diola errendimendu akademikoari eragiten eta jardunaldi zatituko jantoki aldian gertatzen diren gatazka jakinarazpenak ikastetxeetan nabarmen jaitsi direla.

Horiek guztiak kontuan izanda ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiak jardunaldi zatituarekin hutsetik hastera behartzea eta prozesuak aktibatzera edo errepikatzera behartzea erabaki zuten.

Araudi berriaren eta bozketa prozesu bereziaren baldintzen ondorioz desabantaila argian abiatu arren, Nafarroako hezkuntza komunitateak berretsi du, beste behin ere, aukera babestuena jardunaldi jarraitua dela, eta Nafarroako ikastetxe publikoen % 80k baino gehiagok jardunaldi jarraituarekin funtzionatzen jarraituko dutela erabaki dute.

Ikastetxeen beste % 20 horretako familiok gure egoera islatu nahi dugu, eta Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu neurriak har ditzala jardunaldia aukeratzeko prozesuan gure ezinegona eta etsipena areagotu baino egin ez duen gai honetan.

Jardunaldi zatitua izango duten ia ikastetxe guztietan, aukera bozkatuena (kasu askotan botoen bikoitza) jardunaldi jarraitua izan da. Gimeno jaunak aldatu behar zuela adierazi zuen bozketa sistema honek Nafarroako ikastetxe gutxi batzuk zigortzea baino ez du lortu. Une honetan, ikastetxeen % 20k baino ez du jardunaldi zatitua izango, eta gainera, ez da ikastetxeotako familien eta hezkuntza komunitateen aukera nagusia. Zigortuta eta suminduta sentitzen gara. Datuak kontuan hartuta, zentzuzkoena litzateke behingoz, duela 30 urte Bigarren Hezkuntzan egin zen bezala, Nafarroa osorako jardunaldi mota bakarra ezartzea.

LOMLOEk jasotzen du gehiengo kualifikatuz egin beharreko bozketa bakarra Eskola Kontseiluarena dela, baina zuek, bozketa horretan bakarrik aplikatu beharrean, familiei ere aplikatu diezue, eta erabaki hori interpretazio maltzurra eta asmo txarrez egina da. Zuzen ezazue.

Hori da gure lehen aldarrikapena; izan ere, orain arteko aldarriak (bozketak gehiengo soilez izatea arautzea eta garraioa partekatzen duten ikastetxeak modu independentean bozkatzea) ez dira kontuan hartu Departamentuak azken urte honetan egin dituen partaidetza prozesuetan (Gobernu Irekiaren bidez jendarteari eta 20 hezkuntza eragilerekin izandako negoziaziazioa, non garraioaren arazoari eta eskolaz kanpoko arazoei irtenbideak ematea eskatzen baizitzaizuen, eta gehiengo zabalak familien bozketa gehiengo soil bidez izatearen alde egiten zuen).

Benetan kontziente zarete jardunaldi zatitua duten ikastetxeetan antolakuntza zailtasunak egongo direla (irakasle ibiltariak eta ekintzak partekatzen dituzten eskoletan) eta irakasleen egonkortasunean eta etorkizuneko matrikulazioetan ondorioak izango dituela?

Haserrealdiak eta amorrua sustatu dituzue zuek sortutako «ezbai bipolar» honekin, eta gure ikastetxeetan badirudi tentsioa eta konfrontazioa bukatzen ez den soka izango direla.

Gure ustez, Departamentu gisa baloratzeko unea da Nafarroako hezkuntza komunitatearen barruan talka hori mantendu nahi duten ala, behingoz, jardunaldi mota baten aldeko apustua egitera pasatzen diren, seme-alabak eskola adinean dituzten Nafarroako familion eta dagozkien Eskola Kontseiluen gehiengoaren eskaria jarraituz.

Asmoa oker atera zaizue, Gimeno eta Martin jaunak. Ikastetxeon arazoak konpondu, edo alde egin.

Jardunaldi jarraitua eskola guztientzako plataforma ondorengo ikastetxeen ordezkaritzan: Orkoiengo Auzalar eta San Miguel, Berriozarko Mendialdea I, Zizurko Erreniega eta Catalina de Foix, Mutiloako Irulegi eta San Pedro, Gares, Zubiri, Amaiur, Etxalar, Lesakako Irain, eta Iruñeko Bernart Etxepare eta Patxi Larrainzar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun